Urdaibain Guggenheim eraikitzeko urrats handi bat egin dute berriki: Gernikako (Bizkaia) Dalia fabrika eraisteko lanei ekin diete. Hainbat hamarkada daramatza geldirik lantegiak, ta badirudi bertan kokatuko dutela Guggenheim berriaren egoitzetako bat. Aurreko ostiralean hasi ziren fabrika botatzeko lanak, eta larunbatean bertan egin zuten protesta bat lantoki aurrean, beste behin ere, Urdaibain Guggenheim egiteko proiektuari ezetz esateko.
Guggenheim ez dinamikak, Guggenheim Stop plataformak, Zain dezagun Urdaibaik, Eguzkik, Ekologistak Martxanek eta Lanius Ornitologi elkarteak egin zuten mobilizazio deialdia.
Busturialdean hainbatetan salatu dituzte makroproiektuak izango dituen ondorioak. Greenpeacek jakinarazi du Urdaibaiko paduretatik hurbil eraiki nahi dutela azpiegitura berria, eta ingurugiroan eragingo dituen txikizioez gain, harago ere joan izan da Guggenheim ez dinamika: proiektuak lan-baldintza prekarioak areagotuko dituela, etxebizitzaren garestitzean sakonduko duela eta kulturaren eta aisialdiaren elitizazioa bultzatuko dituela salatu izan du, besteak beste.
Daliaren eraisketa: pauso bat gehiago
Atzoko protestaren ostean Guggenheim ez dinamikak azaldu zuenez, Dalia botatzeko, "bertako industria-jarduerak utzitako kutsadura garbitzea" hartu dute aitzakiatzat instituzioek, nahiz eta fabrika itxi zenetik ez duten "lur hori deskutsatzeko ezer egin". Uraren Euskal Agentziak ohartarazi du Daliako guneak "uholde-arazoak dituela eta jada kutsatutako akuifero bati itsatsita dagoela"; baina, "hala ere, txostenari jaramonik egin ez eta aurrera egin dute eraikuntzarekin".
Guggenheim ez-en parte hartzen duten kideek nabarmendu zuten "adierazgarriak" direla bai "orain arteko geldiunea", bai "obrak hasteko aukeratutako data; hauteskundeen ostean, hain zuzen". "IƱigo Urkulluk eta Elixabete Etxanobek museoa aurrera eramateko bi urteko hausnarketa-prozesua iragarri zuten duela hilabete batzuk. Dirudienez, bi urteko hausnarketa-prozesu hori bukatu egin da", ohartarazi zuten.