Espainiako Espetxe Zuzendaritzak atzo, urtarrilak 22, jakinarazi zuen lekualdatu egingo dituztela Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster preso politikoak. Erabakiarekin aurrera eginez gero, Picassent kartzelatik (Valentzia) Aranjuezera (Madril) mugituko dituzte oriotarra eta usurbildarra. 2009. urtean atxilotu zituzten Usurbilen, eta
2011. urtean, 12 urteko espetxe zigorra ezarri zien Espainiako Auzitegi
Nazionalak. "Talde armatuko kide izatea eta lehergailuak izatea" egotzi zieten biei.
Espetxe Zuzendaritzak ez du argitu bi presoak lekualdatzeko erabakiak zein arrazoi duen
oinarri, eta oraingoz ez du zehaztu bestelako neurririk
izango den edo ez. Dena den, hainbat hedabideren arabera, erabakiaren berri ematean, Espetxe Zuzendaritzak nabarmendu zuen haur txiki baten gurasoak
direla biak.
Aurreko igandean hiru urte bete zituen Urangaren eta Lasagabasterren alaba Xuak. Hortaz, Espainiako Espetxe Legeak aginduta,
Picassentetik irten behar izan zuen haurrak, eta aurrerantzean, ezingo du gurasoekin presondegian bizitzen jarraitu. Usurbilen bizi da orain.
Ez da Espetxe Zuzendaritzak halako erabaki bat hartzen duen
aurreneko aldia. Sona handia izan zuen Sara Majarenas presoaren eta
haren alaba Izarren kasuak; izan ere, Xuak bezala, kartzela eta ama utzi
behar izan zituen umeak hiru urte betetzean. Orduko hartan ere
erabaki berdina hartu zuen Espetxe Zuzendaritzak, eta Majarenas
Picassentetik Aranjuezera mugitzea onartu zuen.