“Unibertsitateetako langile sektore zabalentzat, beharrezkoak zaizkigun baldintzen hobekuntzak gauzatzen joango gara, eta horretarako gu guztion batasuna beharrezkoa izango dugu”. Lehen mezu honekin aurkeztu dute gaur Euskal Herriko Campus ezberdinetako ikasleek Unibertsitateko Indar Batasuna eragile berria. Ikasle mugimenduko kideak izan badira ere UIB aurkezteko ardura izan dutenak, bertaratuek argi utzi nahi izan dute hau ez dela ikasle eragile bat gehiago. Izan ere, azaldu dutenez, indar ezberdinak batuz, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko langile sektoreen bizi baldintzak hobetzea du xedetzat UIBk.
Gaur egungo unibertsitate ereduak sistema globalizatu kapitalistari mesede egiten dion erakunde bat izanik, unibertsitate bakoitzean inbertsio enpresa ezberdinentzat errentagarriak diren edukiak eta ikasketa programak osatzen direla salatu dute. Horren adibidetzat jo dituzte, “El Correo”-rekin lotuta dauden kazetaritza masterrak edota Mercedes enpresak Gasteizko Ingeniaritza fakultatean sortutako ikasgaiak. “Adibide horietan argi ikus dezakegu unibertsitate honetan ikasleok jasotzen dugun edukia edo ikerlariek jorratu behar izaten duten edukia, zuzen-zuzenean enpresa handien interesetara bideratuak daudela”, gaineratu dute.
Unibertsitatean ekoizten den edukiaz gain, bertan lanean zein ikasten diharduten langileen bizi baldintzen gaineko salaketa ere zabaldu dute UIBko kideek. Garbitzaileen edota ikerlarien lan baldintzak zein ikasleek ikasketak aurrera atera ahal izateko ordaindu beharreko diru kopuru gehiegizkoa jarri dituzte honen adibidetzat. UIB unibertsitate esparruan ematen diren eta eman daitezkeen oldarraldi guzti horien aurrean “langile klaseko kideen defentsa antolatzeko” jaio dela argi utzi dute.
Bestalde, gaur UIB aurkeztu badute, azken urteotan ikasle mugimenduko kideek langile sektore ezberdinekin batera eramandako borroka ezberdinen batasunak utzitako esperientziari esker izan dela azaldu dute. Bologna prozesuaren aurkako borroka, garbitzaileen lan baldintza txarrengatik egindako grebak, ikerlariek bekak jasotzeko dituzten zailtasunei aurre egiteko mobilizazioak edota NUPen euskarak bizi duen egoera salatzeko abiatutako kanpainak gogoratu dituzte.
Indarrak batuz, gaitasunak biderkatu leloa zuen pankarta bat atzean zutela egin dute aurkezpena ikasleek. Euren leloa, eragile berri honen bitartez egikaritu nahi duten langile batasunaren isla dela azaldu baitute: “Orotariko zapalkuntzak jasaten ditugunon indarrak batuz gero, gure egoera iraultzeko eta gure aldarrikapenak eta exijentziak gauzatzeko gaitasun handiagoa izango dugu”.
Lehen borroka: 12.2 artikulua kentzea
Hobekuntzen aldeko gorazarre abstraktutik harago, lehen borroka zehatza aurkeztu dute prentsaurrekoan bertan UIBko kideek: EHUren legediko 12.2 artikulua bertan behera uztea. Artikulu honen arabera, etengabeko ebaluazioaren kasuan, azterketa deialdiari uko egin nahi dioten ikasleek irakaskuntza aldia bukatu baino hilabete bat lehenago eman behar dute honen berri. Honen aurrean, hau da UIBko kideek luzatu duten irakurketa: “Irakasgaiaren irakaskuntza aldia bukatu baino hilabete lehenago, ikasleriari zail egiten zaigula zehazki ikasgai bakoitzarekin zer eta nola lan egin behar dugun erabakitzea”. Aldiz, ikasleek irakasgaiko irakaskuntza aldia bukatu arte deialdiari uko egiteko aukera izatea aldarrikatu dute ikasleek.
Beraz, UIBk 12.2 artikulua bertan behera uztea eskatuko dio EHUko errektoretzari. Horretarako, dinamika baten hastapena iragarri dute. Hasteko eta behin, bihartik aurrera, hots, martxoak 12tik aurrera, firma bilketa bat abiaraziko dute EHUren campus guztietan. UIBtik ikasleei eta orokorrean langile sektore ezberdinei dinamika honen parte izan eta ikas baldintzen hobekuntzan aurrera pausu bat emateko deia luzatu diete. Gogoan izanik, 12. 2 artikulua ezabatzearen aldeko borroka lehen pausua baino ez dela: “Orain, 12.2 artikulua kentzearen alde, honen ondoren pausu handiago eta indartsuagoa”.