AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/05/10 09:36

Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Ordezkaritzak (CRUE, gaztelerazko sigletan) adierazpen bat argitaratu du berriki, ustez, sionistekin dituen harremanak mozteko asmoa erakusteko. Horren harira, baina, hitza hartu dute Espainiako Estatuan Palestinarekin elkartasunez kanpatuta dauden ikasleek. Ikasle Abertzaleak antolakundea Euskal Herrian ari da kanpaldiak egiten, eta CRUEren adierazpenaz mintzatu da bera ere, beste toki batzuetan izaten ari diren kanpalekuetako gazteekin hitz eginda.

IAk gogor kritikatu du CRUEren esku-hartzea: "Hitz hutsak baino ez zaizkigu iruditzen, unibertsitateak ez baitaude prest hitzak ekintzetara eraman eta Israelgo Estatu sionistaren genozidioan kolaboratzen duten enpresekin harremanak eteteko". Horregatik iritzi dio komunikatuak ez diela "erantzuten" ikasleen exijentziei, alegia, sionistekiko lotura oro apurtzeari: "Errektoretzen aurpegi zuriketarako baino ez du balio".

EHU horren isla argia delakoan dago IA: "Duela bi aste Israelekin zituen harremanak etengo zituela esan arren, oraindik sarraskiaren konplize diren CAF, AXA nahiz HP enpresekin elkarlanean jarraitzen du".

Harreman oro hautsi

"Ez dugu nahi errektoreek beren kontratuak berrikus ditzaten, era guztietako harremanen haustura baizik", argitu du IAk. Eta loturak seinalatzean ez die erreferentzia egiten soilik "Israelgo unibertsitateekin sinatutako hitzarmenei": izan ere, gogorarazi du unibertsitateek harremana dutela "herri palestinarraren aurkako genozidioa finantzatzen duten enpresekin".

Beraz, exijentzia bati egin dio azpimarra Euskal Herriko ikasle antolakundeak: "Errektoretzei Israelekin kolaboratzen duten enpresekin dituzten harremanak berehalakoan eten ditzatela exijitzen diegu". Aldarri hori hona ekarrita, EHUri eta NUPi egin diete eskaera IAko kideek, eta auzia lantzeko elkarrizketa-mahai bat ireki dezatela ere exijitu diete.

Bakea eta hipokrisia

Ikasleek salatu dute, bestalde, "Israelgo Estatu sionistak ezarritako marko diskurtsiboa" erosi dutela errektoreek, "gertatzen ari ez diren ekintza antisemitei buruz hitz egitean adibidez". "Hipokrisia ikusten dugu bakearen aldeko aldarrikapen horietan, Israelgo Estatu genozidarekiko harremanak ez baitira erabat hausten, ez esparru akademikoan ez eta ekonomikoan", gaineratu du IAk.

Bitartean, gainera, errektoreek ez dute "Israelen krimenen sostengua den eta berau legitimatzen duen Espainiako Gobernuaren aurkako nahiz gobernua sostengatzen duten alderdi politikoen aurkako mezurik helarazi", nabarmendu duenez.

Berriz errepikatu dute ikasleek, azken egunetako kanpaldietan beste hamaika aldiz egin bezala: "Palestina inoiz aske izango bada, hori Israelen desagerpenaren bidetik izango da. Beraz, Palestinaren aldeko elkartasuna ezinbestean Israelen kontrako borrokari lotuta joan behar da". Oroitarazi dute genozidioaren aurka ez dagoela "erdibiderik": "Palestina osoaren deskolonizazioa lortzeko, Israel borrokatu, desnormalizatu eta suntsitu behar dugu".

EZ DAGO IRUZKINIK