AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/07/18 08:32

Ukraina gerrarako armaz hornitzen jarraitzen du Espainiako "historiako gobernurik aurrerakoienak". Bidalketa berri bati ekin dio berriki: hamar Leopard 2A4 tanke emango dizkio oraingoan, baita atzerako hainbat hondeamakin eta tankeen aurkako suziri ugari ere.

Arma-sorta hori bidaltzen hasi aurretik, Alcalá de Guadairan (Sevilla) prestatu eta egokitu dituzte arma horiek guztiak. Espainiako Defentsa Ministerioaren arabera, armen "erabateko eraginkortasuna" frogatuta helaraziko dituzte denak Ukrainara.

Armak Sevillatik Ferrolera (Galizia) eraman zituzten lehenengo, lurrez. Han hasi zen itsaso bidezko garraioa, joan den uztailaren 13an. Aurreikuspenen arabera, laster iritsiko da kargamentua Poloniara, eta handik bidaliko diete materiala Ukrainako indarrei, berriz ere lurrez garraiatuta.

Azken bidalketa horrekin, denera, hogei dira Espainiako Gobernuak Ukrainakoari bidalitako Leopard tankeak. Defentsa Ministerioak iragarri du beste sorta bat emango diola 2024ko bigarren seihilekoan.

1.000 milioi euro gehiago, gerrarako

Joan den maiatzean argitaratutako datuen arabera, ordura arte, 300 milioi euro ziren Espainiako Gobernuak Ukrainari emandakoak, gerrarako finantziazio gisa. Bi gobernuek sinatu berri duten "aldebiko segurtasun-akordioarekin", baina, are laguntza handiagoa emango du Pedro Sanchezen gobernuak: beste 1.000 milioi euroko laguntza bat onartu du.

Horretaz gain, nazioz gaindiko hainbat konpromiso ditu Espainiako Estatuak. Europar Batasunari bideratutako finantziazioaren barruan, 11.1000 milioi euro izango dira Ukrainaren "segurtasun- eta defentsa-indarrak" babesteko, eta Ukrainari Laguntzeko nazioarteko Funtsa ere hornitzen ari da Espainiako Gobernua: 2024-2027 aldian, beste 5.000 milioi euroko laguntza bat emango dio Ukrainari, funts horren bidez.

EZ DAGO IRUZKINIK