AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / DW
2023/01/20 09:21

Erresuma Batua izan da iragarpena egiten aurrenekoa: hamalau tanke bidaliko ditu Ukrainara (277 Challenger 2 tanke ditu Erresuma Batuko Armadak). Atzetik jarraitu diote Frantziak eta Amerikako Estatu Batuek (AEB), berriki jakinarazi baitute Ukrainari emandako babes militarra areagotuko dutela eta arma astunak helaraziko dizkiotela. Zehazki, AMX-10 RC "tanke arinak" emango dizkio Ukrainari Frantziak, eta, momentuz, 60 Marder ibilgailu AEBek.

Modu horretan erantzun diete Ukrainako autoritateek, publikoki, arma astunak eskatzen egindako adierazpenei. Hain zuzen ere, Leopard 2 tankeak eskatu dizkiete Alemaniari, Danimarkari, Espainiako Estatuari, Finlandiari, Greziari, Kanadari, Norvegiari, Poloniari zein Suediari. Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak herenegun nabarmendu zuen Ukrainari emandako laguntza militarra berretsi beharko litzatekeela, eta horretarako balio beharko lukeela Ukrainaren Defentsarako Bitartekarien Taldeak (Ukrainari laguntza militarra ematen dieten herrialdeak koordinatzen dituen mahaia) gaur izango duen bilerak. NATOko Batzorde Militarreko presidente Rob Bauerrek atzo esan zuen Errusia tankeak erabiltzen ari dela eta, beraz, "Ukrainak ere tankeak behar" dituela.

Alemanian izango da Ukrainaren Defentsarako Bitartekarien Taldeak gaur egingo duen bilera, eta kideek hainbat iragarpen egingo omen dituzte gero, Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak aurreratu duenez.

Fokua, nagusiki, Alemaniaren gainean dago une honetan. Izan ere, han ekoizten dira Leopard 2 tankeak, eta Alemaniako autoritateek eskumena dute arma horiek bidaltzea baimentzeko edo debekatzeko beste estatu batzuei. Alemaniari egindako presioa handitzen ari da azkenaldian, eta horren adierazle da Poloniako edo Finlandiako autoritateek erakutsitako jarrera: Alemaniaren oniritzirik gabe ere Ukrainara arma astunak bidali nahi dituztela esan dute. Hainbat iturriren arabera, baliteke NATOk gaur adieraztea Leopard 2 ibilgailuak emango dizkiotela Ukrainari. Reuters agentziaren arabera, Alemaniako Gobernuko iturriek diote Leopard 2 tankeen bidalketa baimenduko dutela, beti ere AEBek berdin jokatzen badute.

Errusiako autoritateek ere hartu dute hitza arma astunen hornikuntzaren auziaren harira. NATOk Ukrainari tankeak emanez gero gatazka "kualitatiboki" areagotuko dela adierazi dute, eta hori arriskutsua izan daitekeela "Europaren segurtasunarentzat".

EZ DAGO IRUZKINIK