Ukrainako gerra hornitzen jarraitzeko, mila milioi dolarreko arma bidalketak egiteko asmoa du AEBetako presidente Joe Bidenek, urtarrilean gobernua utzi baino lehen. Donald Trumpek publikoki kritikatu du AEBek Ukrainako gerran duten parte-hartzea, babes militarrari eta finantziazioari dagokienez. Hauteskundeak irabazi ditu berriki Trumpek, eta kanpainan eskatu ziotenean Ukrainako gerrari buruzko iritzia emateko, guda "lehenbailehen" bukatutzat emateko asmoa erakutsi zuen.
Badirudi Biden beldur dela ea gobernu berriak eten egingo duen Ukrainako gerra finantzatzeko laguntza militarra, eta babes hori "presaz bultzatzeko asmoa du" datozen bi hilabeteetan, "Ukraina posiziorik indartsuenean jartzeko". Hala esan dio Bidenen administrazio ofizial batek Reuters agentziari.
Apirilean, AEBek Ukrainari 8 mila milioi dolarreko laguntza ematea adostu zuten bi gobernuek. Bi bidalketa hitzartu zituzten, 5,5 mila milioi dolarreko bat lehenengo, eta 2,4 mila milioi dolarreko bat ondoren. Orain, antza denez, adostutako laguntza ahalik eta bizkorren bidaltzen saiatuko da AEBetako gobernu demokrata, Trumpen gobernu berriak hura oztopa ez dezan. 2022tik, AEBek gutxienez 64,1 mila milioi dolarreko laguntza militarra bidali dute Ukrainara.