AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Jens Stoltenberg.
2023/02/16 09:12

"Lasterketa logistiko batean gaude. Munizioak, erregaiak eta osagaiak bezalako gaitasun giltzarriak Ukrainara iritsi behar dira Errusiak gudu-zelaian iniziatiba hartu baino lehen", adierazi du berriki Jens Stoltenbergek, NATOko idazkari nagusiak. Behin eta berriz azpimarratu du Errusia "milaka eta milaka soldadu gehiago" ari dela gudura bidaltzen, eta, hortaz, presa eman die Aliantza Atlantikoa osatzen duten estatu kideei: Ukrainari agindutako armak azkar bidaltzeko eskatu die. Stoltenbergen iritziz, lehentasuna da artilleria astuna, tankeak edota aire erasoetarako defentsa helaraztea.

Aste honetan, dena den, Ukrainari gerrarako hegazkinak bidaltzeko aukera ere jarri du mahai gainean NATOk, baina badirudi aurrerago emango duela pauso hori. Ukrainaren Defentsarako Bitartekarien Taldeak, Amerikako Estatu Batuak buru dituela, Ukrainarentzako laguntza militarra berresten jarraitzen du, beraz. Urtea hastean, gainera, Ukrainara orain arteko arma bidalketarik handiena egitea onartu zuen NATOk.

Armen ekoizpena eta NATOren gaitasunak handitzea

Aliantza Atlantikoa, bestalde, pentsatzen eta planifikatzen ari omen da armak ekoizteko eta birjartzeko gaitasuna nola handitu. "Ukrainako gerra munizio kopuru handia kontsumitzen eta aliatuen erreserbak agortzen ari da. Ukrainako munizio-gastuaren egungo erritmoa, askotan, egungo ekoizpen-erritmoa baino handiagoa da. Horrek presiopean jartzen ditu gure defentsa-industriak", esan du Stoltenbergek.

Aurreikuspena da, antza, eskatuta dituzten armak epe nahiko luzera jasotzea, eta eskariak atzeratzea. "Adibidez, kalibre handiko munizioaren itxaronaldia hamabi hilabetetik 28 hilabetera luzatu da", nabarmendu du NATOko idazkari nagusiak.

Horren guztiaren aurrean, zenbait mugimendu egin nahi ditu NATOk, dirudienez, bere gaitasunak indartze aldera. Esaterako, koordinazio zedula bat sortu nahi du Bruselasen, aliatuen "zaurgarritasunak" identifikatzeko eta "industriarekin kolaboratzeko"; hain zuzen ere, "azpiegitura kritikoekiko" eraso posibleak prebenitzeko bidean. Satelite sare bat ere jarri nahi du martxan Aliantza Atlantikoak, "adimen eta zaintza gaitasunak" handitzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK