Iazko abenduan atera zituzten espetxetik Mijail eta Alexander Kononovich, Ukrainako Gazteria Komunistaren Ligako militanteak biak, etxean preso sartzeko. Orkatilako gailu elektroniko baten bidez kontrolatzen dituzte orain, eta auzipetuta daude iaztik.
2022ko martxoan desagerrarazi eta atxilotu zituzten, Ukrainako Segurtasun Zerbitzuek (SBU) jazarri ostean. Torturatu egin zituzten eta mehatxuak egin zizkieten, euren burua erruduntzat jo zezaten: akusazioak eta hamar urteko kartzela-zigorrak onartzen ez bazituzten, bizitza osorako espetxeratuko zituztela esan zieten. Faxisten eskuetan, modu bortitzean kolpatu zituzten, saihetsak hautsi zizkieten eta aurpegia txikitu zieten, hainbat egunez. Gainera, bankuko txartelak, sakelako telefonoak eta bestelako objektuak lapurtu zizkieten.
Kononovich anaien kontra asmatutako akusazioen artean daude, esaterako, espioi modura jardutea, "ordena konstituzionala indarrez aldatzea", armak izatea edota "Estatuko boterea hartzea". "Komunismoari gorazarre egitea" ere egotzi diete, antza.
2022ko otsailean jarri zen martxan euren kontrako auzia, adibidez, 2019an eta 2021ean Facebooken argitaratu zituzten hainbat adierazpen zirela-eta: Ukrainako erregimenak Donbassen egindako krimenei buruz hitz egiten zuten, besteak beste. Anaiek ez zuten euren burua erruztatu.
Heriotza-mehatxuak
Mijailek eta Alexanderrek berriki jakinarazi dute Ukrainako Gobernua euren erailketa antolatzen eta prestatzen ari dela. Poliziako ofizial batek, Yevgeny Kravchukek, Kononovich anaiak hiltzera deitu du publikoki, Facebooken bidez. Gainera, sare sozial horren bidez jakinarazi eta zabaldu du zein etxetan dituzten preso biak, euren kokalekuaren berri emanez.
"Autoritateek iradokita bakarrik egin ditzake polizia-agente batek adierazpen eta dei horiek publikoki, ondorioen beldurrik gabe", salatu dute Kononovich anaiek. Haiek erailez gero, "legez kanpo geratuko" liratekeela ohartarazi dute: "30eko hamarkadan Alemania nazian egiten zena da, non komunistak eta antifaxistak legez kanpo zeuden".