AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/07/01 13:27

El Periódico de Catalunya (El Periódico de España taldearen parte da) egunkariak hainbat estatu-iturri aipatuta baieztatu duenez, Espainiako Estatuan espioitza-lanetan ari da Ukrainako segurtasun-agentzia nagusia, SBU siglekin ezaguna. Ukrainako erregimenaren kontra egon daitezkeen pertsonak eta entitateak topatu eta horiei buruzko informazioa biltzea da helburu nagusia, itxura denez.

Espainiako eta Ukrainako estatuek berriki sinatu dute "aldebiko segurtasun-akordioa". Hitzarmeneko puntu nagusietako bat da inteligentzia-zerbitzuen arteko lankidetza, baina, Espainiako Estatuko segurtasun-iturrien esanetan, lehendik ere bazegoen elkarlana. Gutxienez bi urte daramatzate kolaboratzen, El Periódico de España-k jaso duenez.

Antza, Ukrainako Gobernuak inteligentzia-zerbitzuetako agenteak bidaltzen ditu Espainiako Estatura, bertako gobernua jakitun izanda eta bere onespenarekin. Informazio bila mugitzen dira, eta SBUko agenteak omen dira. Gaur egun, Espainiara prestaketa militarra jasotzera mugitzen diren errekrutekin batera bidaiatzen omen dute, eta badirudi fluxua areagotu egin zela 2022ko abenduaren ostean.

Informazio bila Madrilen

El Periódico de España-ren arabera, urtarrilean, Toledoko Infanteriako Akademian omen zegoen SBUko agente bat, baina handik irten eta ofizialki baimendutako bilaketa-lan batzuei ekin zien, "dokumentaziorik gabe". Aipatutako iturriak dio informazioa bilatzen aritu zela agente hori, Errusiaren "eragina" edo berekiko "konpromisoa" duten eta espainiar nazionalitatea duten herritarrak eta eragileak atzemateko.

Indar militarrek azaldu omen dutenez, SBUko agente hori urtarrileko aurreneko astean mugitu zen Madrilera, "Errusiaren aldeko aktibistei eta entitateei buruzko informazioa lortzeko". Jopuntuan omen zituen, besteak beste, hitzaldiak edo Erregimentu Hilezkorraren Martxa antolatzen duten norbanakoak eta kolektiboak. Martxa horren bidez, udaberriro oroitzen dute sobietarrek Bigarren Mundu Gerran nazien kontra lortutako garaipena.

Espainiako Estatuko agintaritzek SBUren "gehiegikeria" gisa interpretatu omen zuten urtarrileko esku-hartze hori. Defentsako agintaritzek, itxura denez, SBUko agentea kanporatzea erabaki zuten bere jardunaren berri izatean. Gerora, baina, agindu hori indargabetu zuten.

Inteligentziako agenteak, ezkutuan

Badirudi Espainiako Gobernuak baduela Ukrainako inteligentzia-zerbitzuen lanen berri, baina, hala ere, El Periódico de España-k dio ezkutuan bidaiatzen dutela SBUko agenteek. Espainiara entrenamendu militarra jasotzera joaten diren errekrutekin batera mugitzen dira, soldaduz jantzita, eta hegaldi berdinetan. Gero, haiekin batera alde egiten omen dute. 2023ko udazkenetik, gisa horretako gutxienez hamazazpi hegaldi izan omen dira.

EZ DAGO IRUZKINIK