Errealitate bat da jada: UGT sindikatuak alde bakarrez sinatu du aurreakordio bat TCC Moventisekin, villavesetako langileek lan-baldintzak eta zerbitzua hobetzeko asmoz 11 hilabete luzez egindako borroka eta datozen egunetarako deituta dauden lanuzteak oztopatuz. Hala ere, deialdiei eusten diete gainerako sindikatuek, eta lanuzteekin eta mobilizazioekin segitzen du plantillak: bihar izango da hurrengo lanuztea, eta hilaren 24an eta 31n ere geratuko dute autobusetako jarduna.
Langile-batzordeko hamazazpi ordezkarietatik zazpi dira UGTkoak, eta asteartean formalizatu zuten ituna enpresarekin, Iruñerriko Mankomunitatearen proposamenak barne hartzen dituena, atsedenaldiei lotutakoa kasu. UGTk aurreakordioa gutxiengoan sinatu duenez, mugatua da horren ezarpena: sindikatu horretako afiliatuei zuzenean aplikatuko zaie antza, eta baldintzak onartu nahi dituzten gainerako langileek esplizituki adierazi beharko dute. Plantilla 500 pertsonak baino gehiagok osatzen duten arren, 100 bat atxikimendu soilik ditu aurreakordioak, Diario de Navarra-ren arabera.