Tubos Reunidosek kaleratu nahi dituen 42 langileren kontratuak legez kontrakoak ziren, eta behin betiko lan-kontratuak egin behar izan dizkiete. Enpresaren irregulartasun horiek agerian geratu dira enplegu-erregulazioko espedientea ezartzeko bere saiakeran, eta Lan Ikuskaritzak sindikatuei adierazi dienez, enpresa-zuzendaritzak bazekien ikuskariek irregulartasun horiek atzeman zituztela espedientea eta horren nondik norakoak aztertzean. Dena den, enpresaburuek ez zuten gaia aipatu martxoaren 23an espedientea formalki aurkeztean.
Behin betiko espedientean, Amurrioko altzairutegia itxiko duela eta 285 behargin kaleratuko dituela zehazten du enpresak. Jomugan hartutako pertsona horien artean, behin-behineko kontratudun langile ebentualak ziren 80, baina haietatik 40k baino gehiagok legez kanpoko kontratuak zituztela ebatzi zuen Lan Ikuskaritzak. Badirudi enpresak langile finko bilakatu dituela jada, kontratuak martxoaren 31ra arte luzatuz; eta, EITBk gaur aurreratu duenez, "borondatezko" bajetara batzeko aukera eskaini die, baina aldi baterako langileen baldintzekin.
ESK-k seinalatu du kaleratze masiboa "makillatu" nahi duela enpresak, "borondatezko" irteerak direlakoan. Amurrioko plantillak martxoaren 16an ekin zion greba mugagabeari, eta zuzendaritzak egun horretan bertan saldu nahi izan zuen kaleratuen zerrendara batzeko "301 boluntario" lortu zituela jada. Espedientearen ebazpena luzatzen ari den bitartean, Aiaraldea.eus-ek azaldu du neurri sortari helegitea jarriko diotela LAB, ESK eta ELA sindikatuek. Kaleratzeen, altzairutegiaren itxieraren eta logistikaren kanporatzearen kontra ari da borrokan plantilla, eta mobilizazioekin jarraitzen du; bai Aiaraldean bertan, bai Gasteizen, bai Bilbon.