Hirugarren greba-eguna Amurrioko (Araba) Tubos Reunidosen, ekoizpeneko beharginen erabateko jarraipenarekin berriz ere; eta hirugarren bilera zuzendaritzak ezarri nahi duen kaleratze masiboaren inguruan. Bileren egun berdinetan izaten ari dira plantillaren 24 orduko lanuzteak, borrokan ari baitira kaleratzeen kontra.
Aurreko bi grebetan bezala, goizean goizetik elkarretaratu dira beharginak fabrikako sarreran, eta gaurkoan, aurreko egunetan baino dezente lehenago heldu dira zuzendaritzako kideak: autobusean eta iluntasunean sartu dira enpresara, eta ez dira errepikatu asteazkeneko irudiak. Aurreko asteazkenean, autoan eta egun argiz iritsi ziren lantokira zuzendaritzakoak, eta euren aurpegiak ikusi ahal izan ziren komunikabideetan. Aldi guztietan, Ertzaintzak babestuta bertaratzen ari dira enpresariak.
08:00etarako zegoen ezarrita gaurko bilera zuzendaritzaren eta sindikatuen artean, baina ordu eta erdi lehenago sartu dira enpresaburuak. Amurrioko eta Trapagarango 301 behargin bidali nahi dituzte kalera, eta Aiaraldea atariak jaso duenez, Amurrioko altzairutegikoei eta logistikakoei adierazi diete jada arriskuan daudela, kaleratuen zerrendan omen daudelako. Momentuz, kaleratze kolektiboa inposatzeko asmoari eusten dio zuzendaritzak, eta pizgarridun bajak eta aurre-erretiroak baino ez ditu eskaini "alternatiba" gisa.
Ostegunean izango da espedienteari buruzko hurrengo bilera, eta martxoaren 4an eta 9an ere egingo dituzte bilkurak. Bihar, asteartea, Amurrioko Refor Enpresaldera bertaratzeko deia egin dute Tubos Reunidos eta Maderas de Llodioko langile-batzordeek, Aiaraldeko Garapen Industrialaren aldeko Mahaia izango baita bertan. Goizeko 08:15erako jarri dute hitzordua.
Aurreko ostiralean, otsailaren 20an, manifestazio jendetsu bat egin zuten Amurrion: Ez diegu etorkizuna lapurtzen utziko lelopean mobilizatu ziren milaka lagun, Tubos Reunidoseko zein Maderas de Llodioko beharginekin elkartasunez.