Aste honetan Gasteizko (Araba) Aldaben izan diren gertakariak aitzakia modura erabiltzen hasi dira jadanik, bai proletalgoa kriminalizatzeko bai Poliziaren armatzea indartzeko. Gazte batek ertzain bati kristalezko botila batekin eraso egin eta hurrengo egunean bertan zabaldu zuten berria hainbat komunikabidek: Gasteizko Udaltzaingoak taser pistolak eramatea eta erabiltzea baimenduko dute, antza denez.
Arma zurien erabilerak gora egin duela argudiatuta eman dute neurriaren berri. Itxuraz, Gasteizko Udaleko Segurtasun Sailak datorren irailerako izango du prest udaltzaingoek pistola elektrikoak izatearen inguruko barne-txosten bat. Horren ostean zehaztuko lukete ea zer unitatek edukiko lituzketen taser pistolak, eta indarrean sartuko litzateke neurria.
Bizkaiko udaltzaingoetan eta Ertzaintzan, pauso bat aurrerago
Barakaldon (Bizkaia), Durangon (Bizkaia) eta Trapagaranen (Bizkaia) ere berriki jakinarazi dute taser pistolak edukiko dituztela udaltzainek, eta horretarako formakuntza jasotzen hasi direla jada. Sestaoko (Bizkaia), Santurtziko (Bizkaia) edota Basauriko (Bizkaia) udaltzaingoek badituzte pistola elektrikoak dagoeneko (EAEko lehenengo udalerriak izan ziren), baita Ertzaintzako BIZKOR unitateak ere, 2017tik.
Ertzainek Gasteizen bertan erabili zuten lehenengoz taser arma, Zaramagan, duela sei urte inguru. Lubakituta zegoen pertsona baten kontra baliatu zituzten pistola elektrikoak.
Hedatzen ari den arma
Espainiako Estatuan, 200 herritan baino gehiagotan erabiltzen dituzte taser pistolak tokiko polizia-indarrek. Katalunia izan zen aitzindaria, 2007an eskuratu baitzituzten arma horiek mossoentzat. Espainiako Polizia ere ari da neurria ezartzen.
Pistola elektrikoek, normalean, abisu-deskarga bisual bat eragiten dute lehenengo. Horren ondoren, 5 segundo inguruko deskarga elektriko bat sortzen dute, 50.000 voltiorainoko indarrarekin.