Gaur goizean, Bilboko (Bizkaia) Udalbatzarraren osoko bilkura bat eten dute Etxarri II Gaztetxeko hainbat kidek, udal-gobernuak espazioaren desalojoan duen erantzukizuna salatzeko. "Polizia apirilaren 4an Etxarri Gaztetxea desalojatzen ahaleginduko da. Zuek zarete horren erantzule zuzenak", esan du ozen gazteetako batek, udalbatzarreko politikariei erreferentzia eginez. Udaltzainek batzarretik kanporatu dituzte Gaztetxeko kideak.
Gaurkoan seinalatu duten modura, datorren apirilaren 4rako dago finkatuta desalojoa: egun horretan saiatuko dira Etxarri husten. Horiek horrela, espazioaren defentsa antolatzen ari dira bertako kideak, eta babes handia izaten ari dira. Esaterako, Bilboko 60 bat kolektibok, komertziok eta artistak sinatu dute Gaztetxearen aldeko manifestu bat.
Elkartasun horren erakusle izango da bihar arratsaldeko mobilizazioa, izan ere, Etxarriren desalojoa gelditu! Gaztetxeak defendatu! lelopean izango da manifestazio bat auzoan. 18:30ean hasiko da Errekaldeko Plazatik.