AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/12/09 15:26

Gasteizko (Araba) udalak azpikontratatutako sektoreetako egoera ikertu eta bideoerreportaje batean jaso du Gasteizko Laneko Autodefentsa Sareak (LAS). "Prekaritatearen negoziotzat" jo du udal-azpikontratazioa, eta izenburu horixe darama hainbat sektoretan jarduten duten langileekin hitz eginda ondu duen ikus-entzunezkoak: besteak beste, lorezaintzako edo rokodromoetako beharginen lekukotza bildu du.

"LASek eta Gasteizko Kontseilu Sozialistak bi urte daramatzagu udal-azpikontraten aurka borrokan; azkipontratazioak sortzen duen prekaritatea eta langileon zatiketa salatzen, udalaren eta enpresen arteko konplizitatea seinalatzen, zein hirian sortu diren borroka sindikaletan modu zuzenean parte hartzen", azaldu dute egileek. "Esperientzia honetan zehar egindako analisiak eta ateratako ondorioak zein langileen testigantza zuzenak partekatzeko" sortu dute bideoerreportajea, eta gaur aurkeztuko dute lehenengoz jendaurrean.

Gaur arratsaldean izango da aurreneko emanaldia, Aranako auzo-elkartean. 18:30ean aurkeztuko dute lana, eta jarraian, tortila-jana egingo dute La Hiedra tabernan.

Beste bi hitzordu ere jarri ditu LASek datozen asteetarako, erreportajea ikusi eta ezagutu nahi dutenentzat. Abenduaren 18rako antolatu du bigarren emanaldi bat Zabalganako auzo-elkartean, 18:30erako, eta rokodromoetako langileekin solasaldi bat izango da erreportajea eman ostean. Urtarrilaren 3an, berriz, Aldabe gizarte-etxean ikusi ahal izango da ekoizpena, goizeko 11:30ean. Segidan lorezain grebalariek hartuko dute hitza, aurten egindako borrokaren inguruan aritzeko, eta gero, Abisinian jarraituko dute egitarauarekin: bermuteoa eta musika-emanaldiak eskainiko dituzte bertan.

EZ DAGO IRUZKINIK