AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Xalba Ramirez/Irutxuloko Hitza
2025/08/13 12:32

2023ko urriaren 7tik hona, Israelgo Estatuak gutxienez 60.000 pertsona erail ditu zuzenean Gazako Zerrendan, eta, besteak beste, gosete-erregimen bortitz bat ezarri die bertako palestinarrei. Egoera horretan, uda honetan ere estatu sionistaren aurkako eta palestinar erresistentziaren aldeko deialdi ugari izaten ari dira Euskal Herrian, Palestinarekin Elkartasuna plataformaren eskutik: mobilizazioak, elkartasun-argazkiak, mural margoketak eta abar.

Hego Euskal Herriko hiriburuetan, esaterako, hainbat mobilizazio egin dituzte azken asteetan, festak probestuta. Abuztuaren 6an Gasteizen (Araba) izan zen manifestazio bat, eta abuztuaren 10ean Donostian (Gipuzkoa) mobilizatu ziren milaka lagun, Jaietan ere, palestinar erresistentzia aurrera lelopean. Azken erasoei eta gazatarrak pairatzen ari diren goseteari erreferentzia eginez, zorrotz hitz egin zuen Palestinarekin Elkartasunak: "Gosetea planifikatua izan da. Duela bederatzi hilabete iragarri zuten publikoki, Rafahko pasabidea erabat itxi zutenean".

Palestinari "ekidistantziarik gabeko babesa" eman behar zaiola aldarrikatu zuten protestan, eta gogorarazi zuten sionistak Mendebaldeko agintaritzen konplizitatea izaten ari direla palestinarren kontrako sarraskian: "Enpresek eta estatuek negozioa egiten dute genozidioarekin, eta Asia Mendebaldearen kontrola mantentzeko interesa ere badute".

Etzi, manifestazioa Bilbon

Bilboko Aste Nagusia hastear da orain, eta beste mobilizazio baten berri eman du plataformak: abuztuaren 15erako egin du deialdia, 19:00etan Eliptika Plazatik abiatuko den manifestazio bat antolatu baitu. "Bilboko Aste Nagusiaren atarian, ezin ditugu ahaztu palestinar herriaren borroka eta egoera latza. Hori dela eta, palestinar erresistentziarekiko elkartasuna eta Israelen desegitea aldarrikatzeko mobilizatzera dei egiten dugu", azaldu du.

EZ DAGO IRUZKINIK