AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Iazko maiatzean ere, Erandion, etxegabetze bati egin zion aurre Bilboko Etxebizitza Sindikatuak.
2024/01/22 10:49

Bilboko (Bizkaia) Txurdinaga auzoan pertsona zaurgarri bat bere etxetik bota nahi du udalak, Bilboko Etxebizitza Sindikatuak azaldu duenez. Ostiral honetarako, hilaren 26rako, ezarri dute kaleratzea. Egun horretarako mobilizazio-deialdi bat egin du, hortaz, Etxebizitza Sindikatuak: 09:00etan Julian Gaiarre kaleko 4. zenbakira bertaratzera deitu du, etxegabetzearen kontra.

Sindikatuak azaldu du, gaur egun, Udal Etxebizitzen parte den etxe batean bizi dela kaleratua izateko arriskuan dagoen laguna. "Ez du beste alternatibarik; beraz, kalean geratzeko arriskuan dago", salatu dute sindikatuko kideek.

Udalaren eta "bloke progresistaren" iruzurrak

"Nahiz eta EAJk eta PSE-EEk gobernatzen duten udala harro egon babestutako udal etxebizitza gehien dituen estatuko hiria izateaz, etxebizitza horiek ez dira modu iraunkorrean eta baldintzarik gabe eskaintzen", seinalatu dute. Are: ohartarazi dute udalak gauzatu dituela etxegabetzeak lehenago ere, eta aste honetakoa ez dela inola ere aurreneko aldia izango.

Eta ez Bilboko Udala soilik; Espainiako Gobernuko "bloke progresista" osoari egin dio erreferentzia Etxebizitza Sindikatuak. "Hilaren 26rako etxegabetze bat programatu izanak agerian uzten du, beste behin, onartu berri den moratoriaren luzapena bloke progresistako alderdien propaganda instituzionala besterik ez dela", kritikatu du: "Etxegabetzeak debekatu dituztela esan dute, baina gezurra da; argi dago Etxebizitza Legea edo moratoria bezalako neurri erreformistek ez dutela horiekin amaituko". Azpimarratu du, gainera, Bilbon argitara atera den azken kasuan, erakunde publiko bat izango dela pertsona zaurgarri bat etxegabetuko duena; alegia, Bilboko Udala bera.

Etxegabetze guztien etetea

Bilboko Etxebizitza Sindikatuak berriz aldarrikatu du beharrezkoa dela "etxegabetze mota guztiak behin betiko eta baldintzarik gabe etetea". Bilboko Udalaren "erantzukizun zuzena" salatu du, eta jakinarazi du borrokan jarraituko duela "etxegabetze guztiak baldintzarik gabe geldiarazteko".

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek azken urteetan lekuan leku sortu dituzten Etxebizitza Sindikatuek iaz batu zituzten indarrak, izaera nazionaleko Etxebizitza Sindikatu Sozialista bat sortzeko. Iazko ekainean aurkeztu zuten Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista, programa politiko baten eskutik: Etxebizitzaren Aldeko Borrokarako Proposamen Politikoa. Hamalau puntu jasotzen ditu programa horrek, tartean, etxegabetze guztien etetea.

EZ DAGO IRUZKINIK