Gasteizen (Araba) festak ari dira izaten egunotan, baina, aurten ere, Mugimendu Sozialistako hainbat eragileri horietan parte hartzea debekatu die Gasteizko Txosna Batzordeak. Izan ere, indarrean jarraitzen du Gasteizko Gazte Koordinadora Sozialistari (GKS) eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistari jarritako beto politikoak: duela zenbait urte debekatu zieten Txosna Batzordeak kudeatzen duen eremuan txosna jartzea.
Beto politiko hori zela-eta, aurreko urtean, jaigune horretatik kanpo jarri behar izan zuten txosna bat GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak: debekuari aurre egin eta Letren Fakultate aurrean muntatu zuten gune bat. Aurten ere hautu berdina egin dute bi eragileek: txosna bat ipini dute leku berdinean, eta bi eguneko egitarau bat prestatu dute, abuztuaren 4rako eta 5erako.
Zabala izan da aurtengo egitaraua ere, eta parte hartu dute hamaika pertsonak, artistak eta taldek. Besteak beste, bazkari bat, jam session bat eta bingo musikatua izan dira Letren Fakultate aurrean, eta emanaldiak eskaini dituzte rapero ugarik (hala nola Rafus, Maro, Esku-P, Black Snare, Calié, Mateo Zikuta eta abarrek), Bassagain Soinu Sistemak, Gaztetxarrak Txarangak, Malakias MX3 proiektuak eta Orteras Laras DJak.
Txosnetan parte hartzeko eskubidearen alde
"Aurtengo jaietarako ere ez digute txosnagunearen parte izateko aukerarik eman eta, zoritxarrez, ezohiko egoera ulertzezin hau beste urte batez luzatu da", salatu dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak: "Guk argi diogu, beste behin ere, Gasteizko Txosnen parte izan nahi dugula, txosnaguneari gure ekarpena eginez, dauden eragile guztiekin elkarlanean".
Gogorarazi dute "gatazka gero eta gehiago hedatu" dela, GKSri eta Etxebizitza Sindikatuari jaietan parte hartzea ukatu zaien urte bakoitzean. "Egoera hau betikotzen eta handitzen utzi beharrean, irtenbidea eman behar zaiola aldarrikatzen dugu", errepikatu dute irmo.
Aurrera begira jarri eta ohartarazi dute datorren urrian "aukera aproposa" izango dela "egoera behin betiko gainditzeko eta espazio plural honetan guztiok parte hartzea bermatua izateko". "Urrian zabaldu daitekeen irtenbiderako bide-orrian ekarpena egiteko prestutasuna" erakutsi dute berriz GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak, "datorren urteko jaietan, ezohiko egoera hau iraganeko kontua izan dadin".
Luberri Konpartsaren egitaraua Bilbon
Luberri Konpartsak ere iaz salatu zuen Aste Nagusian parte hartzea debekatu ziotela Bilboko Konpartsek. Luberriko kideek berriki jakinarazi dutenez, aurten ere ezingo du "konpartsa gisa normaltasun osoz parte hartu Aste Nagusian", baina konpartsa ugarirekin aritu dira elkarlanean, eta, azkenean, egitarau zabal bat antolatzea lortu dute.
Sei egunetarako prestatu ditu ekimenak Luberrik. Abuztuaren 17an kalejira bat egingo du Someratik hasita. Txupina izango da horren ostean, eta harrera egingo diote Mari Jaiari. 19rako pasapoteo bat antolatu dute Kaixotik, eta Eguzkizaleaken bokata jana egin ondoren, kontzertu bat eskainiko du Kalipotxo taldeak, Teilape gunean.
20an bertso-saio musikatu bat izango da Ekida Arte Ekimen Sozialistaren eskutik, Triangunen. 22an, berriz, Skareggekasko taldeak emango du kontzertu bat, Uribarrin.
23a ere gorriz markatutako egun bat izango da, Luberri Eguna ospatuko baitute orduan. Egun osoko egitarau bat prestatu dute ordurako, Askapeñan. Besteak beste, bazkari bat eta Unai Iturriaga, Igor Elortza eta Iosu Zabalaren kantaldi bat izango dira, eta, gauean, emanaldiak eskainiko dituzte Mutikok, Malakias MX3 proiektuak eta Nahianovok eta Denzek.
Hurrengo egunerako jarri dute aurtengo Aste Nagusiko azken hitzordua: 24an, Nikotinak eta Raimundo El Canasterok emango dituzte kontzertuak, Askapeñan orduan ere.
Beto politikoen kontrako aldarria
Joan den maiatzean izan zen agerraldi bat Bilboko Kafe Antzokian, 150 kulturgilek sinatutako adierazpen bat aurkezteko: Bilboko eta Gasteizko txosnetan Luberriri, GKSri eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistari jarritako beto politikoa salatu zuten, Mugimendu Sozialistak parte hartzeko daukan eskubidea aldarrikatzeko.
Horren aurretik, martxoan, Euskal Herriko 100 kolektibo politikok eta sozialek egin zuten aldarrikapen hori: Mugimendu Sozialistaren parte-hartze eskubidearen alde batu ziren.