AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/07/20 11:19
Patronalak eskaera egin eta Gipuzkoako Foru Aldundiak zerbitzari on gisa obeditu du: txosnek ere TicketBai sistemaren bidez fakturatu beharko dute, edo hala nahi dute, behintzat. Gipuzkoako Enpresaburuen Elkarteak joan den apirilean eskatu zuen txosnek negozioen kontrol-sistema berbera jarraitu dezatela. Aste honetan bertan. zentzu berean egin dute presio Arabako ostalariek eta patronalak.

Hala, TicketBai "leku guztietan" ezartzeko borondatea erakutsi du Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, Eneko Goia Donostiako alkatearekin bildu ostean. "Modu koherentean eta denbora nahikoarekin egin behar da, leku guztietan instalatu ahal izateko", berretsi du.

Dena dela, irmotasun antzeztuak aparte, zalantza eta kontraesan ugari sortzen dira neurri horren epeei eta baldintza zehatzei buruz galdetzean. Batetik, ezarpena hala "dagokionean" egingo dela diote, ezer zehaztu gabe; baina "egutegia finkatuta" dagoela ere adierazi dute. Bestetik, justifikazio juridikoa nahiko ziurgabea da: "Txosnek irabazi-asmoekin funtzionatzen badute, fakturak kontrolatzeko sistema elektronikoa izan beharko dute", azpimarratu du Mendozak. Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GKE) kasuan, ordea, "salbuetsita" geratuko direla iragarri du. Ez dute azaldu zergatik hartzen dituzten erakunde politiko eta sozialak "irabazi asmokotzat" eta GKEak, aldiz, ez.

Ikusteke dago nola erantzungo duten ehunka herritako Txosna Batzordeek eta horietan parte hartzen duten eragile politiko eta sozialek. Historikoki, txosnetan espazioen zein azpiegituren erabilerari lotutako murrizketak jartzea edota merkataritzako arauak betearaztea gatazkatsua izan da udalerri askotan.

EZ DAGO IRUZKINIK