AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/07/22 10:44

Azken asteetan, eta uda bete-betean sartuta, turistifikazioa seinalatzeko lanean ari da Urola Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialista. Eskualde horretan nabarmen ikusten den bezala, turistifikazioaren berehalako ondorioak argiak direla esan dute sindikatuko kideek: "irabaziak enpresarientzat nahiz errentistentzat, eta pobretzea zein kanporatzea bertako langileriarentzat". Zentzu horretan, prozesu horrek guztiak dakarrena azaltzen eta erantzuleak seinalatzen ari dira.

Pisu eta apartamentu turistikoen ugaritzea

"Industria turistikoaren bidez higiezin-enpresek, errentistek, putre-funtsek eta ostalariek milioika euroko irabaziak poltsikoratzen dituzte", azaldu zuten udaren hasieran. Gogorarazi zuten, hala, Urola Kostan 305 pisu eta apartamentu turistiko daudela, legez kanpokoak kontuan hartu gabe. 2018tik, erabilera turistikoko lokalak %181,8 areagotu dira Zarautzen (Gipuzkoa) eta %158,3 Zumaian (Gipuzkoa), sindikatuaren esanetan.

Horrek guztiak zuzenean eragiten dio langileriari, bere pobretzerako eta kanporatzerako baldintzak biziagotuta. Une honetan, Espainiako Estatuan m2 garestienetakoa dauka Zarautzek; eta, azken hamarkadan, %39 igo da alokairuen prezioa bertan. Zumaian ere egoera ez da bestelakoa: %25,4 garestitu da alokairua.

Azken asteetan, beraz, turismoaren industriari esker aberasten ari direnak seinalatu dituzte Urola Kostan: etxebizitza eta apartamentu turistikoen areagotzea salatu dute, adibidez. Pisu eta apartamentu turistiko ugaritan agertu dira margoketak, ondoko mezuarekin nagusiki: Langile klasearen pobretzeari aurre egin. Turistifikazioaren aurka borrokatu.

Urola Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azpimarratu du "begi bistakoak" direla ostatatze turistikoaren negozioaren "albo-kalteak": "alokairuen prezioen igoera eta sektore prekarizatuenen kanporatzea".

Hotel gehiago

Horri lotuta, eskualdean martxan diren bi proiektu berri ere aipatu dituzte sindikatuko kideek. Ibis Styles enpresa erraldoiak 2025ean eraikiko du hotel berri bat Zumaia ondoan, Euskal Herrian aurreneko aldiz bere atzaparrak sartuta; munduan 650 hotel baino gehiago ditu enpresa horrek. Zarauzko Iñurritzan, bestalde, abian dira sei solairuko hotel bat eta 80 apartamentu turistiko eraikitzeko lanak.

Egiten ari diren hotel horietako batera sartu dira berriki hainbat lagun, ondokoa zioen pankarta bat eskegitzeko: Hotel bat gehiago, ehunka herritar gutxiago. Turistifikazioaren aurka borrokatu.

Halako makroproiektuek "turistifikazio-prozesua handitzen" dutela nabarmendu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta beharrezkotzat jo du horiek "seinalatzea eta salatzea", nahiz "langile-klasearentzako tresna eta baliabide desberdinak sortzea, arazo horri aurre egiteko".

EZ DAGO IRUZKINIK