AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/03 13:29

Agerraldi bat egin dute gaur Iruñeko (Nafarroa) Alde Zaharreko Mercaderes kaleko 18. zenbakian bizi diren pertsonek, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera, euren etxea galtzeko arriskuan daudela salatzeko. Vidaurre Group enpresaren jabetzako pisu batzuetan bizi dira, baina horiek hustu eta 11 etxebizitza turistiko egin nahi ditu konpainiak. Maizterrek udan ohartarazi zuten presioa egiten ari zitzaiela enpresa, euren etxeetatik alde egin zezaten, eta orain jakinarazi dutenez, euren etxeei erabilera turistikoa emateko lizentziak lortu ditu jada etxejabeak.

"Operazio espekulatibo horren atzean Fernando Vidaurre dago, zeinak hamar enpresak baino gehiagok osatutako enpresa-egitura bat kontrolatzen duen", seinalatu dute agerraldian. VDR da Vidaurreren konpainia ezagunetetako bat, "Nafarroako hamar eraikuntza-enpresa nagusietako bat"; "2024an, ia 30 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen". Mercaderes 18ko bizilagunen eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren esanetan, "aurrean dugun talde enpresarialak sekulako etekinak ateratzen ditu eraikuntzaren, higiezinen eta turismoaren negoziotik, horrek langile-klasearen gain izan ditzakeen ondorioak kontuan izan gabe".

Bizilagunen kontrako jazarpena: obrak, ur hotza...

"Vidaurre Groupek hilabeteak daramatza guri eskaintzak egiten pisuak utz ditzagun, eta bizilagunok beti izan dugu negoziatzeko jarrera, baina haren azken eskaintza eta gero taktikaz aldatzea erabaki du", azaldu dute. Izan ere, maizterrei jazartzeari ekin dio enpresak: "Bizilagunek haren azken eskaintzari ezetz esan eta hurrengo egunean, igogailuan obra batzuk egiteko lizentzia eskatu zuen, eta obra zalantzagarri batzuk egiten hasi zen, zeinetara langileak ez diren ia inoiz etortzen". Obra horiek "eragozpen handiak sortu" dizkiete, igogailua erabiltzeko ezintasuna, etxera sartzeko zailtasunak, pilatutako hondakinak, zikinkeria eta toki falta kasu.

Salatu dute, bestalde, Vidaurre Groupek "entzungor" egin diela beren eskariei, eta "jabe gisa dagozkion funtzio batzuk betetzeari utzi" diola jada: "Obrei eta epeei buruzko informaziorik ez emateaz gain, bizilagun batzuek ur berorik gabe daramatzate zenbait hilabete, enpresak ez baitie arazoa konpontzen; eta beste bizilagun batzuei, aldiz, eragotzi egin die Interneterako sarbidea izateko beharrezkoa den zuntz optikoa dagoen gelara sartzea". 

Elkarrekin negozio turistikoaren aurka

"Mercaderes 18ko bizilagunok antolatzea eta Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera enpresaren jazarpen inmobiliarioko praktikak salatzea erabaki dugu", aldarrikatu dute gaurkoan. Horiek horrela, nabarmendu dute, euren "egoera partikularraz harago", "turismoaren negozioak ondorio kaltegarriak dakarkizkiola langile-klase osoari eta inguruneari, bereziki Alde Zaharra bezalako auzoetan".

Ondorio horietako batzuk aipatu dituzte: "Bizilagunak beren bizitokitik kanporatzea; modu zuzenean, ostatu turistikoak egiteko lehen bertan bizi ziren maizterrak kaleratzen dituztenean, baina baita zeharka ere, prezioen igoeraren eta aukera-faltaren eraginez, sektore pobretuenek auzotik alde egin behar izaten dutenean edo gazteak ezin direnean beren auzoan emantzipatu". Bestalde, "lan-baldintza prekarioei, bizitzaren garestitzeari eta espazio eta sare komunitarioen degradazioari" ere egin diete azpimarra, "turismoaren negoziotik etekinak ateratzen dituzten horien zerbitzura jartzen baita hiria".

Bi eskaera Vidaurre Groupi

Gaurko prentsaurrekoan, bizilagunek eta sindikatuak bi eskaera egin dizkiote Vidaurre Groupi: "Lehena, utz diezaiola gu kaleratzeko jazarpena erabiltzeari, horrek haren irudia zikindu besterik ez du egingo-eta; bigarrena, ez dezala aurrera egin 11 pisu horiek etxebizitza turistiko bihurtzeko operazioarekin". 

Enpresak bere planarekin segitzen badu, "beste 11 etxebizitza eroriko lirateke negozio turistikoaren atzaparretan". Gogora ekarri dutenez, dagoeneko 200 pisu turistiko baino gehiago daude auzoan; "Iruñeko pisu turistikoen erdia baino gehiago". Eta sakondu dute: "Turismoaren negoziotik aberasten direnei soilik egiten die horrek onura, eta ez dio inola ere erantzuten Iruñean etxebizitza bat eskuratzeko premia handiena duten pertsonen egoerari".

Gaurko agerraldia amaitzean, enpresak San Agustin kalean duen egoitzara joan dira Mercaderes 18ko maizterrak eta sindikatuko kideak. Euren atarian pilatutako obra-hondakinak utzi dituzte bertan, horien kargu egin dadila exijitzeko, eta salaketa-kartelak jarri dituzte egoitzaren kanpoaldean.

EZ DAGO IRUZKINIK