Itun berri bat hitzartu dute Europar Batasunak eta Tunisiak, migrazioari eta Europara migratu nahian ari diren pertsonak jazartzeko Tunisiako autoritateek bete beharreko eginkizunari begira. Europar Batasunak, hain justu, 255 milioi euro emango dizkio Tunisiako Gobernuari, migrazio-polizia papera bere gain hartzearen truke.
Legez kontrako migrazioari eta pertsonen salerosketari aurre egiteko neurri modura saldu dute akordioa. Mahai gainera atera dituzten esku-hartzeen artean daude, esaterako, Tunisiak mugetako kontrolak areagotzea eta gogortzea, edota "pertsonen salerosketaren kontrako borroka" handitzea.
Horretaz gain, jakinarazi dute indartu egingo dutela Europar Batasunaren eta Tunisiako autoritateen arteko "elkarlana", Tunisian atxilotutako pertsona migratzaileak euren jatorrizko herrialdeetara deportatzeko, nahiz Europan atzemandako migratzaile tunisiarrak hara itzularazteko.
Migrazioaren aurkako neurriak finantzatzeko aurrekontuaz gain, Europar Batasunak 150 milioi euro gehigarri emango dizkio Tunisiako Gobernuari; "aurrekontu-babes modura" edo, bestela esanda, sari modura. Hainbat erakunderen bidez banatuko du dirua Europar Batasunak; hala nola, Gurutze Gorria, ACNUR eta Migrazioetarako Erakundea.
Bestalde, tunisiarrek Europar Batasunaren hainbat programatan parte hartzea sustatzeko aukeren inguruan ere hitz egin dute akordio berriari lotuta; adibidez, Erasmus programa.
Frontexen aurrekontua, %12.000 gora
754 milioi euro baino gehiago jaso zituen iaz Frontexek, Europar Batasuneko estatu kideei eta Schengengo kide diren herrialdeei zirkulazio libreko espazioa zaintzeko sorturiko agentziak. Eratu zenetik, %12.000 baino gehiago egin du gora Frontexi emandako diruak: 6,5 milioi euroko aurrekontua zuen 2005ean, eta 750 milioi eurotik gorakoa 2022an.