AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/09/05 09:10

Urte gutxi batzuk baino ez dira, Italian, tortura delitu gisara tipifikatuta dagoela. 2017an jaso zuten Zigor Kodean delitu bat zela torturatzea, eta zenbait larrigarri zehaztu zituzten 613. artikuluan; esaterako, torturatzaileak galdeketa bat egiten ari diren polizia-agenteak izatea.

Zehazki, hamar urteko kartzela-zigorrak aurreikusten ditu, "askatasun pertsonalik gabeko edo zaintzapeko pertsona bati, indarkeriarekin edo mehatxu larriekin, edo krudelkeriaz jokatuz, sufrimendu fisiko zorrotza edo trauma psikologikoa" eragiten diotenentzat. Zigorra hamabi urtera igotzen da torturatzailea autoritate publiko bat bada, eta 30 urtera, torturatutako pertsona erailtzen badu.

Badirudi, baina, zigortzeko modu hori atzera bota nahi duela Giorgia Melonik gidatutako gobernuak. Polemika artean, baina Italiako Anaiak alderdiak joan den martxoaren bukaeran aurkeztu zuen lege-proiektu bat, aurretik sarri aipatutako neurri bat gauzatzeko: tortura ez dadila delitu bat izan eta, beraz, ez dadin zigortu bilatzen du. Inpunitate hori eman nahi die, nagusiki, polizia-agenteei. Diputatuen Ganberako Justizia Batzordearen esku utzi zuten proposamena Italiako Anaiek, parlamentu-izapideak hasteko.

Meloniren alderdiak nahiz Matteo Salvinik gidatutako Ligak sarri kritikatu dute Zigor Kodeak torturari buruz jasotzen duena, argudiatuta Estatuko polizia-indarrak babesik gabe uzten dituela. Proiektu-lege berria aurkezteko orduan, hortaz, esan zuten "polizia-indarren zintzotasuna eta irudia behar bezala babestu" nahi dutela.

Tortura eta bortizkeria kasu ugari, poliziaren eta kartzelarien eskutik

Azken hilabeteetan, Italian bertan, polizia-agenteek eta kartzelazainek egindako hainbat tortura kasu atera dira argitara. Joan den maiatzean, lau udaltzainek emakume bat jipoitu zuten, Milango parke batean atxilotu ostean. Une horretan grabatutako irudiek erakusten duten modura, gutxienez hiru agentek kolpatu zuten modu bortitzean; borra erabilita, bizkarrean eta buruan eman zizkioten kolpeak, eta likido batekin busti zizkioten begiak.

Hurrengo hilabetean, ekainean, Veronako bost polizia atxilotu zituzten, polizia-etxean modu sistematikoan torturak egiteagatik; batez ere, pertsona migratzaileei. Gainean pixa egiten zieten eta kolpatu egiten zituzten, besteak beste.

Espetxeetan ere ezagutarazi dituzte zenbait bortizkeria kasu azken urteetan. 2020ko apirilean, COVID-19 pandemia bete-betean, protestei ekin zieten Italiako hainbat kartzeletako presoek, bizi zituzten baldintza negargarriak zirela-eta: pilatuta zituzten eta ez zieten inolako osasun-arretarik eskaintzen, besteak beste. Kartzelariek indarkeriaz eta bortizkeriaz erantzun zuten, eta gertakariak erabat argitu ez badituzte ere, beltzak dira ezagutzen diren ondorioak: gutxienez hamahiru preso erail zituzten, eta hainbat eta hainbat zauritu.

EZ DAGO IRUZKINIK