AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Zelda bat. Argazkia: @tinkoamnistia
2021/12/29 11:43

Covid ziurtagiria beharrezkoa da dagoeneko espetxeetara sartzeko Espainiako Estatuan ere. Gainera, horietako askotan bisitak murriztu dituzte, presoen beste hainbat eskubiderekin batera. Martuteneko (Gipuzkoa) eta Iruñeko (Nafarroa) kartzeletan, esaterako, lokutorioetan bakarrik egin daitezke bisitak, eta bertan behera geratu dira aurrez aurrekoak. Zaballan (Araba) eta Basaurin (Bizkaia), aldiz, mantendu egin dituzte.

Euskal Herritik kanpoko beste kartzela batzuetan ere egin dituzte murrizketak, Tinkok jakinarazi duenez. Palentzian (Espainia), adibidez, aurrez aurreko bisitak kendu dituzte, eta Leonen (Espainia), bisita mota guztiak. Patxi Ruiz euskal preso politikoaren lagunak, izan ere, bisitarik gabe geratu ziren joan den asteburuan, Leonera bidaiatu ondoren.

Tinkok gogora ekarri du, 2020ko martxotik, etengabeak izan direla presoen aurkako erasoak: "Hilabeteak aktibitaterik gabe, bisitarik gabe, askotan medikurik gabe (osasunaren izenean artatuak izateko eskubidea ere kendu zieten). Hilabete luzez itxaron eta gero, aurrez-aurreko bisitak berreskuratu zituztenean, haietako bakoitza eta gero presoak isolatzen aritu dira".

Borrokaldiak neurrien kontra

Hainbat presok borrokaldiak ere hasi dituzte azkenaldian neurri horien ondorioz. Ibai Aginagak, esaterako, gose eta egarri greba egin zuen urrian, Basauriko (Bizkaia) kartzelan, isolamenduan zeukatelako bisita baten ondoren. Dani Pastor, berriz, gose greban egon zen abenduaren hasieran, hura ere, isolamendutik ateratzeko.

Halako neurriak, "osasun irizpideetan oinarrituta egotetik urrun, kontrol soziala areagotzeko bitartekoak dira", Tinkoren esanetan. Espetxeetan ere egoera gero eta kaxkagarragoa dela nabarmendu dute, eta horiek "zapalkuntzaren aurrean altxatzen direnentzako" tokiak izanik, "langileria azpiratzea, eta, bereziki, preso politikoen borondatea makurraraztea" bilatzen dutela.

.


EZ DAGO IRUZKINIK