Iruñerriko (Nafarroa) Laneko Autodefentsa Sareak (LAS) aurreko ostiralean salatu zituen The Champions Burgerreko lan-baldintzak. Donostiatik (Gipuzkoa) eta Barakaldotik (Bizkaia) igaro ostean, makroekitaldiak Nafarroako hiriburuan egin du geldialdi bat irailaren 19tik 29ra bitartean: hainbat foodtruck jarri dituzte Runa parkean. Beste hamaika makroekitalditan gertatzen den bezala, "etekinak handitze aldera", langileei "lan-baldintza miserableak" ezarri dizkiete The Champions Burger jaialdiaren antolatzaileek, LASen hitzetan.
Hala, bertan aritu diren beharginek jasan behar izan dituzten baldintzak salatu zituen LASek aurreko astean. Besteak beste, jakinarazi zuen antolatzaileek Valentziako ostalaritzako lan-hitzarmena aplikatu dietela langileei, Nafarroako ituna ezarri ordez. Horrela, beharko lukeenaren erdia jaso dute soldata modura (8 euro orduko); eta, hori ez ezik, ez dute inolako plusik kobratu jaiegunetan eta igandeetan lan egiteagatik.
Lanaldiei dagokienez, 22:00etatik 06:00etara arte aritu diren beharginek ez dute gau-plusik jaso, eta atsedenik gabe egin behar izan dute lan. Izan ere, lanaldia sei ordutik gorakoa denean langileek 15 minutuko atseden bat hartzeko eskubidea duten arren, The Champions Burgerrek ez du etenaldi hori errespetatu. Are gehiago: beharginei atseden hori "hainbat aldiz ukatu" diela seinalatu du LASek.
Lan-baldintzak salatzeagatik kaleratu dituzte hainbat langile
LASek eta The Champions Burgerreko hainbat beharginek, zehazki, irailaren 27an salatu zituzten makroekitaldiko lan-baldintzak, sare sozialen bidez. Horren ondorioz, salaketa egiteko antolatu ziren lau langile kaleratu dituzte jaialdiaren arduradunek. Kaleratzeak salatzeko eta, beste behin ere, The Champions Burgerreko lan-baldintzak seinalatzeko, protesta bat egin zuen LASek Runa parkean, joan den igandean.
Autodefentsa Sareko kideek azpimarratu dute ez dutela "langileen antolakuntzaren aurkako inolako erasorik" onartuko. Borrokara deitu dute, ohartarazita antolakuntzaren aldeko hautua egiten jarraituko dutela; bai "miseriazko lan-baldintzen normalizazioari" kontra egiteko, bai "enpresariek langileen antolakuntzarako beharrezkoak diren baldintzen aurka gauzatzen dituzten erasoen inpunitateari" aurre egiteko.
🔴 The Champions Burguerrek ezartzen dituen lan-baldintza miserableak salatzen dituzten langileak kaleratu ditu.
— Iruñerriko Laneko Autodefentsa Sarea (@autodefentsare) September 30, 2024
Amaia dezagun enpresarien inpunitatearekin!
🔴The Champions Burguer ha despedido a los trabajadores que denuncian las miserables condiciones que impone el evento. pic.twitter.com/XqviWweUEr