AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Reuters
2024/09/25 11:58

2001eko irailaren 11ko erasoen ondorioz, Amerikako Estatu Batuetako (AEBak) gobernuek sekulako propaganda eta milioika dolar inbertitu dituzte "Terrorismoaren Aurkako Gerra" delakoan (The War On Terror, ingelesez). Haatik, AEBek terrorismotzat jotzen dutena aldatuz joan da denboran zehar: 1982. eta 2004. urteen artean, Estatu-Departamentuak zazpi aldiz aldatu zuen terrorismoaren definizioa, eta 2008an, batik bat, hogei definizio ezberdin erabiltzen zituen gobernuak.

Kontzeptuaren erabilera eta definizioa, beraz, uneko gobernuaren interesen araberakoa izan da une oro, eta beti izan du joera jakin bat: haien ustez, terrorismoa estatuz kanpoko eragileek beraien helburu politikoak betetzeko erabiltzen duten biolentzia da, baina ez estatuena.

Gerraren giza-kostua

Aurreko joera ideologikoak eta "terrorismo" adierak nabarmen estaltzen du egitate bat: estatuek talde "terroristek" baino jende gehiago erailtzen dutela. Terrorismoaren eta bere Erantzunen Ikerketarako Konsortzio Nazionalaren (START, ingelerazko sigletan) arabera, 1995 eta 2019 artean, 3.455 estatubatuar hil ziren eraso terroristen ondorioz. Biktima kopuru hori txiki geratzen da, baina, "terrorismoaren aurkako" gerretan eraildakoekin alderatuta.

2001eko irailaren 11tik aurrerako gerren ondorioz, 929.000 pertsona baino gehiago hil dira zuzenean, batez ere zibilak, Irak, Afganistan eta Pakistan bezalako herrialdeetan

Costs Of War proiektuaren arabera, 2001eko irailaren 11tik aurrerako gerren ondorioz, 929.000 pertsona baino gehiago hil dira zuzenean, batez ere zibilak, Irak, Afganistan eta Pakistan bezalako herrialdeetan. Hau da, "terrorismoaren" ondorioz hildakoak baino 267 aldiz biktima gehiago. Heriotza horiek ez dituzte barne hartzen gatazken zeharkako ondorioengatik hil diren milaka pertsonak; hala nola, osasun-azpiegituraren kolapsoa edota elikagaiak eta ura eskuratzeko aukerarik eza.

Gainera, bi hamarkada hauetan, gutxienez 37 milioi pertsonak egin behar izan dute ihes beren etxeetatik gatazka horien ondorioz, Unibertsitate Amerikarreko David Vineren taldeak kaleraturiko azken lanaren arabera. Kopuru hori kontserbadoretzat jo ohi da, ez baititu barne hartzen Burkina Faso, Kamerun, Mali eta beste herrialde batzuetako "terrorismoaren aurkako" gatazketako desplazatuak, AEBek bertan izandako rola "zeharkakoa" izan dela irizten delako.

Bi hamarkada hauetan, gutxienez 37 milioi pertsonak egin behar izan dute ihes beren etxeetatik gatazka horien ondorioz

Are gehiago, Vinek berak onartzen du desplazatuak 59 milioi izatera hel zitezkeela. Izan ere, ihes egin behar izan duten pertsona horietako asko ez dira inoiz ofizialki zenbatzen, gobernuko edo nazioarteko agintarien aurrean erregistratzea saihesten baitute.

Kostu ekonomikoa

2001 eta 2021 artean, AEBek 8 bilioi dolar (8.000.000.000.000 $) gastatu zituzten "terrorismoaren kontrako" kanpaina militar horietan, Costs Of War-en lanaren arabera. Kopuru horrek kontuan hartzen ditu operazio militarren kostua, tokiko segurtasun-indarrentzako laguntza gatazkan dauden herrialdeetan, eta gerrako beteranoen zaintzarekin lotutako gastuak, horietako asko zauri fisiko eta psikologikoekin itzultzen baitira etxera.

Dena dela, atzerriko gerretan bilioiak gastatu bitartean, AEBetako proletalgoari ukatuak izan zaizkio oinarrizkoenak diren zerbitzuak. Osasun-sistemarena da adibide nabarmenetakoa: urtero, 45.000 estatubatuar baino gehiago hiltzen dira osasun-asegururik ez dutelako, eta, ondorioz, ezin dutelako ia inolako osasun-arretarik jaso.

Urtero, 45.000 estatubatuar baino gehiago hiltzen dira osasun-asegururik ez dutelako, [...]. Hau da, "terrorismoak" hildakoen kopurua baino hamabost aldiz handiagoa da osasun-aseguru faltak eragindako heriotzen kopurua

Hau da, "terrorismoak" hildakoen kopurua baino hamabost aldiz handiagoa da osasun-aseguru faltak eragindako heriotzen kopurua. COVID-19arekin, adibidez, bi urtean bakarrik, 83.000 pertsona baino gehiago hil ziren gaitzarekin lotutako arazoengatik, hots, "terrorismoak" hildakoak adina hogeita lau.

EZ DAGO IRUZKINIK