Baionako (Lapurdi) emakume batek salatu du taldean bortxatu zutela 2017. urtean. 21 urte zituen orduan, eta Bordeleko Ikasketa Politikoen Institutuko ikaslea zen. Errugbi partidu baten osteko jai giroan, Merignac-eko (Gironda) hotel batera eraman zuten hiru gizonezkok, eta bertan, taldean bortxatu zuten.
Errugbi jokalariak ziren hiru bortxatzaileak, 30 urtetik beherakoak; Loïck James frantziarra (24 urte), Denis Coulson irlandarra (25 urte), eta Rory Grice zeelandaberritarra (29 urte). Beren aurkako salaketa jarri du erasotua izan zen emakumeak; hala, hirurak auzipetu dituzte.
Iragan apirilean, kasua Girondako Justizia Auzitegiari helarazi zion instrukzio epaileak. Oraindik ez dute zehaztu noiz epaituko dituzten erasotzaileak.
Gutxienez hiru salaketa azken egunetan
Azken egunetan, gutxienez beste hiru sexu eraso salatu dituzte Euskal Herrian; hain zuzen, Hernanin (Gipuzkoa) bat, eta bi Barakaldon (Bizkaia). Hernanin eraso egin zuen gizonezkoa baino ez dute atxilotu; gainera, epailearen aurretik pasatu ostean, aske utzi zuten.