AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Tabakalerako langileak protestan. Argazkia: Naiz
2019/05/29 14:35

159 egun daramatzate greban Donostiako (Gipuzkoa) Tabakalerako Ubik liburutegiko langileek. Azpikontratatutako enpresak liburutegiaren kudeaketarako langileei ezarritako lan-baldintza “negargarriak” salatzeko zein baldintzen hobetzea eskatzeko hasi zuten borroka, azpikontratatutako enpresa eta zentroko Administrazio Kontseilua interpelatuz. Akordiorik lortu ezean, grebari “eusteko prest” azaldu dira grebalariak.

Sedena enpresak Tabakalerako lizitazioa lortu ostean kontratatu zituen beharginak liburutegiko bitartekari lanean aritzeko. Egun 13 langile dira, eta horietatik bederatzi daude greban, jendaurrean lanean dihardutenak, hain zuzen. Azpikontrataziorako esleipen leihaketara aurkeztu ziren enpresetatik, Sedenak aurkeztu zuen aurrekonturik merkeena. Langileek salatu dutenez, Sedenak "kosta ala kosta" lortu nahi zuen Kubiken lizitazioa. Aurrekontu horrek, baina, badauka ordaina: beharginen esanetan, jasaten dituzten lan-baldintza "onartezinek" egin dute posible halako aurrekontu merkea osatzea.

Bi aukera mahai gainean

Ubikeko bitartekariek azaldu dutenez, batezbeste 9 ordu egiten dituzte lan egunean. Horri otordurako tartea gehituz gero, egunean 10 ordu egiten dituzte lan. Gainera, lan egin behar izaten dute asteburuetan zein jaiegunetan. Hori dela eta, kontziliazioa "ezinezkoa" zaiela salatu dute beharginek. Batezbeste, 1.000 euro azpiko soldatak dituzte.

Horregatik guztiagatik, Tabakalerako liburutegiko langileek azpimarratu dute bi aukera daudela baldintzak aldatzeko: batetik, lan hitzarmena, eta bestetik, Tabakalerak lizitazioa berriro lehiaketara ateratzea eta kontratazioak berriro egitea. "Borondatea" eskatu dute horretarako; izan ere, azaldu dute dirua "egon badagoela". Tabakalerak inoizko aurrekonturik handiena izango du aurten, 6 milioi euro. Gainera, langileek azaldu dutenez, Tabakalerak aurten martxan jarri dituen LABe eta 2deo  ekimenei esker, instituzioetatik diru kantitate "ikaragarriak" jaso ditu.

Ubik liburutegia da Tabakalerako zerbitzuen artean erabiltzaile gehien dituena. Horregatik, langileek mahaigaineratu dute kalitatezko zerbitzua eskaintzeko beharrezkoa dela langileen lan-baldintzak hobetzea. Euren aldarrikapena zabaltzeko eta auzia gizarteratzeko, Kultura prekarizatuik ez! kanpaina abiatu dute Twitterren, @bitartekariakM erabiltzailearen bitartez. Dagoeneko kultur arloko hainbat artista ezagunen elkartasuna jaso dute; tartean, Unai Iturriaga, Sara Cozar, Iñaki Beraetxe eta Iker Lauroba.