AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/17 09:40

Oraintsu eman dute Espainiako Toxikologia eta Auzitegi Zientzien Institutuak 2022an egindako ikerketa baten berri, Frantziako Mazan herrian emakume batek jasandako talde-bortxaketa sistematikoei buruzko epaiketa martxan denean. Sumisio kimiko bidezko sexu-erasoak aztertu ditu aipatutako institutuak, Espainiako Estatuan, 2021eko eta 2022ko datuak bilduta. Lortutako emaitzak izugarriak dira: urtebetean %75 egin zuten gora mota horretako erasoek.

2021ean, sumisio kimiko bidezko 950 erasoren berri izan zen Espainiako Estatuan. Urtebete beranduago, 2022an, askoz ere gehiago izan ziren atzemandako kasuak: era horretako 1.648 eraso identifikatu zituzten. Urte horretakoak dira Toxikologia eta Auzitegi Zientzien Institutuak zehaztu dituen azken datuak.

18 eta 34 urte artean, eta nagusiki udan

Institutuak aztertu dituen erasoetan, biktimen %93 ziren emakumeak. Batez beste 26 urte zituzten, eta 18 eta 34 urte artean zituzten biktimek kasuen %60tan; alegia, 1.000 kasutan. Adin txikikoak ere baziren tartean, dena den: 300 izan ziren, identifikatutako erasoen artean.

Badirudi aisialdiko lokaletan izaten direla sumisio kimiko bidezko erasoetako asko, eta udan gertatzen direla batez ere; uztailean, abuztuan eta irailean topatu dituzte kasu gehien. Indizerik altuenak Balearretan, Errioxan eta Kanariar uharteetan erregistratu dituzte.

Ondorioak

Hainbat mediku adituk azaldu dutenez, ohikoa da sumisio kimikoa eragin dieten pertsonek amnesia izatea, eta gertatu dena ez oroitzea. Horregatik, izututa eta nahasita egoten dira, erasotuak izan ostean. Badirudi ez dela beti lortzen biktimen odola aztertu eta indarrez eman dieten droga topatzea, "bizi oso laburra" izaten dutelako odolean. Baina, azken estatistiken arabera, analisietan emaitza positiboa izaten da kasuen %83tan.

Alkohola omen da gehien erabiltzen den droga, baina bestelako substantzia batzuk ere baliatzen dituzte erasotzaileek sexu-erasoak egiteko: kokaina, marihuana, deribatu anfetaminikoak, opiazeoak eta psikofarmakoak, besteak beste.

EZ DAGO IRUZKINIK