AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / RTVE
2025/04/20 10:37

Bigarren Mundu Gerraz geroztik mundu mailan izaten ari den krisi gogorrenetako bat jasaten ari dira Sudanen gaur egun. Itsaso Gorriaren kontrolarekin, edo urrea bezalako zenbait lehengairen esplotazioari lotutako kanpo-potentzien eraginak markatuta, 2023an herrialdean hasitako gerrak 12 milioi pertsona baino gehiago behartu ditu euren etxeak uztera; biztanleria osoaren %25 inguru. Gainera, desplazatuen egoera aztertuta, ikus daiteke haietatik %90ek baino gehiagok ezin dutela egunean otordu bakarra ere egin (10,8 milioi lagunek gutxi gorabehera).

Gose-krisiari dagokionez, estimazio ofizialek diotenez, biztanleria osoaren erdiak pairatzen du gosea modu errepikatuan, eta beste ia 9 milioi pertsona daude gose-egoera larrian edo hala izendatzeko mugatik gertu. Azken horiez gain, 600.000 lagun "gose-egoera katastrofikoa" delakoan daude. Estimazio zehatzak egiteko zailtasunak direla eta, ez dago gosez hil den pertsona kopuru zehatzik erresgistratuta, baina dozenaka milaka izan direla kalkulatzen dute.

Bestalde, indarkeriari dagokionez, ACLED agentziaren arabera, hiru biztanletik batek 5 kilometrora baino gutxiagora jasan du. Milaka zibil erail dituzte zuzenean, eta biktima kopuru osoa sei zifratik gorakoa dela uste da. Darfur eta Kordofan inguruan, komunitate osoei jazarri diete, ofizialki gizateriaren aurkako krimen edo genozidio gisa hartzeko moduko ekintzekin.

Haurren egoera espezifikoa ere aipagarria da. Sudanen bertan, 17 milioi haur daude eskolatik kanpo. Txaden, errefuxiatuen %65ek (gutxi gorabehera 250.000 haurrek) ez dute hezkuntzarako aukerarik, eta Adré aldi baterako kanpalekuan, umeen %90ek ez dute inolako eskolatze- edo komunitate-egiturarik. Agentzia internazionalek, Nazio Batuen Erakundeak batik bat, azpimarratu dute haur horiek giza-trafikorako, sexu-indarkeriarako, haurren soldadutzarako edo ezkontza beharturako "arrisku larrian" daudela.

EZ DAGO IRUZKINIK