AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/12/22 13:49

Joan den asteartean, abenduak 15, Ertzaintzak Subserra gaztetxea hustu zuten Eskuernagan (Arabar Errioxa), "bihotzez eta indarrez Arabar Errioxa osoko gaztetxea" dena. Subserrako kideek abenduaren hasieran jakinarazi zuten eraikina husteko agindua helarazi zietela "banketxeek eta beren txakurrek", gutun bidez. Hala, jakinarazpenean zehaztutako egunean bertan gauzatu zuten desalojoa polizia-indarrek, "gaztetxeari atea aldatuz eta leihoetan barroteak jarriz".

Polizia-operazioaren tamaina gogor salatu zuten gaztetxeko kideek: "Ez dakigu zer uste zuten aurkituko zutela". "Krisi momentu hauetan, non osasun publikoa egoera larrian dagoen, konfinamendua era estrategikoan erabili dute. Gu etxeetan lotuta gaudelarik, defentsa bat proposatu ezinean, gaztetxea erraz husteko aprobetxatu dute", adierazi zuten.

2019ko udan birjabetu zuten Eskuernagan gaztetxea izango zen eraikina, "aspalditik hutsik egon dena", Subserrako kideen esanetan. Ordutik, "ospakizunak, bilerak, auzolanak zinema eta dokumental emanaldiak" egin direla eta "zonaldeko lagun taldeei eta elkarteei aterpe bat" eman zaiela azaldu dute. "Ez dute eraikina nahi, gu kanpoan egotea baizik, haien boterea herriaren interesen gainetik dagoela ikusarazteko", diote.

"Lortu dutela uste dute baina Subserrak ez du hain erraz amore ematen", gehitu dute gaztetxeko kideek. Joan den larunbatean, hilak 19, elkarretaratzea egin zuten gaztetxearen aurrean, desalojoa salatzeko. "Subserra defendatuz, gaztetxea aurrera", aldarrikatu zuten.