Elektrodoak eta ordu luzez jasandako deskarga elektrikoak, poltsa, kolpeak eta abar. Iratxe Sorzabal preso politikoa astelehenean eta asteartean epaitu dute hirugarrenez Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean, 1995ean ETAren ekintza batean parte hartzea leporatuta. Sorzabalentzat sei urteko beste espetxe-zigor bat eskatzen du fiskaltzak, baina berak jakinarazi du torturapean sinatu behar izan zuela atentatu horretan parte hartu izana: "Polizia deklarazioa egiten ez banuen, okerrago izango zen, eta ezin nuen gehiago".
2001ean atxilotu zuten Sorzabal, eta torturatu egin zuen Guardia Zibilak. Hori dela-eta, hainbat atentatutan parte hartu izana aitortu zuen bere deklarazioetan, tartean, 1995ean Alacanten izandakoa. Beste delitu batzuk ere hartu zituen bere gain atxiloaldian.
24 urteko kartzela-zigor bat jarri zioten Madrilen 2022an, salatutako torturei entzungor eginda, eta berriki izan duen beste epaiketa bateko sententziaren zain jarraitzen du. Orain, hirugarren auzi bati lotuta eserarazi dute berriz Auzitegi Nazionalean. Saio horretan, torturak pairatu zituela berretsi du Sorzabalek: "Carrero Blanco hil nuela ere sinatuko nuke".