AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/12/15 12:41

Otsailean epaituko dituzte Sopelako (Bizkaia) lau lagun, joko-areto baten aurkako borrokari lotuta. "Frogarik gabe eta modu iruzurrezkoan eraikitako operazio baten ondorioz, 32 urteko espetxe-zigor eta 112.400 euroko isun eskari bati aurre egin behar diote", salatu du Sopelako 4ekin 1 plataformak: "Muntaia polizial baten aurrean gaude". Auzipetuekin elkartasunez sortu dute plataforma, eta mobilizazio-deialdi bat egin dute urtarrilaren 31rako: eguerdiko 12:30ean hasiko da manifestazioa Sopelako Udaletxe Plazatik.

"2021eko urte hasiera garai bereziki mugitua izan zen Sopelan", ekarri du gogora plataformak: "Eraikitze-lanetan zegoen supermerkatu baten aurkako dinamika herritar bat zegoen martxan. Era berean, joko-aretoen aurkako kanpaina martxan zegoen. Eta gainera, Sopelako zenbait gazteren eta zenbait udaltzainen arteko gatazka nabarmen bat izaten ari zen". Seinalatu dute testuinguru horretan saiatu zirela "Sopelako jarduera sozial desberdinetan lanean ari ziren lau herritar izutzen", haien aurkako operazio baten bidez.

"Hain dira ahulak lau sopeloztarrak auzipetzeko dituzten frogak", auzia bi aldiz artxibatu dutela eta fiskaltza kasutik baztertu dela. Hala ere, bereari eutsi dio akusazio partikularrak, eta zortzina urteko kartzela-zigorrak eskatzen ditu bakoitzarentzat. "Hori onartezina eta guztiz larria da. Lau sopeloztarren bizitza betirako baldintzatu dezakete. Lau sopeloztarren etorkizuna jokoan dago", seinalatu du plataformak.

Dena den, uste du ez dela hori auzitan dagoen bakarra: "Ezein herritarren oinarrizko eskubideak ukatuak izan ezin daitezkeela uste dugun guztion etorkizuna jokoan dago. Frogarik gabe lau herritar hauek espetxeratzea lortuko balute, zu edo ni izan gaitezke hurrengoak". Horregatik deitu dute erantzutera eta auziaren aurka antolatzera: "Ez da aukera bat besoak gurutzatuta beste albo batera begira geratzea. Astakeria bat da hau eta, horregatik, ahalik eta herritar gehien bildu behar gara".

EZ DAGO IRUZKINIK