Arriskuan dago Goierriko Zentro Sozialista, hura husteko prozedura judiziala martxan baitauka Sonepar enpresak. Beasaien (Gipuzkoa) kokatutako Zentro Sozialistaren defentsan, protestak izan ziren joan den astelehenean Soneparren hainbat egoitzatan, Euskal Herri osoan zehar. Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Sareak jakinarazi zuenez, hainbat aldarri argi egin dizkiote enpresari: Zentro Sozialistaren kontrako epaiketa bertan behera utz dezala (hilaren 24rako dago ezarrita) eta "aterabide bat bila dezala", zentroan "gauzatzen den jardunak berme guztiekin jarrai dezan".
Dena den, oraingoz aurrera jarraitzen du Goierriko Zentro Sozialistaren desalojoak, Soneparrek ez baitu prozedura atzera bota. Bart, eta Zentro Sozialistaren hustearen kontra, Soneparren hainbat egoitza markatu dituzte Euskal Herrian: Zentro Sozialistaren aldeko pintaketak egin dituzte, eta ateak blokeatu dituzte zenbait dendatan. Zehazki, Sestaon (Bizkaia), Trapagaranen (Bizkaia), Iruñean (Nafarroa), Gasteizen (Araba) eta Bergaran (Gipuzkoa) seinalatu dute enpresa.