AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/01/09 10:47

Lan eta bizi baldintzen probretzearen aurrean, emakume langileok borrokara lelopean egin du agerraldi bat berriki Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Oraingoan, soldatapeko zaintza eta garbiketa lanak izan ditu hizpide: sektore feminizatu horietan aritzen diren langileek jasaten dituzten lan baldintzak salatu ditu, bai eta lan horiei lotutako hainbat aldarrikapen egin ere, beharginen "lan baldintzak hobetzeko bidean".

"Krisi testuinguru honetan, orokorrean langileon bizi baldintzak okertzen ari diren honetan, zehazki emakume langileon lan baldintzak are gehiago ari dira okertzen. Emakumeon ehuneko handi batek zaintza eta garbiketa zerbitzuetan lan egiten dugu: adinekoen zaintza, etxez etxeko laguntza, jantokiak, osasun-zentroetako garbiketa, eskola garraioa, bulegoetako eta etxeetako garbiketa... Eta beste hainbeste enpresa handietako saltzaile gisa, ostalaritzan edota bestelako zerbitzu pribatuetan", azaldu dute Itaiako kideek agerraldian.

"Sektore horietako prekaritatea bistakoa da: gehiegizko ratioak; ordu gutxiko lanak; enplegu-agentzien eta azpikontraten lapurretak; onartu gabeko funtzioen ardura, lana, osasuna eta segurtasuna bermatu gabe askotan; kontraturik gabeko lanak...",  xehatu dute sektore horietako lan baldintzei buruz. "Baldintza horiek beharrezkoak dira sektoreko patronalentzat eta enpresa-sareentzat, milioika euro irabazteko urtean", salatu dute. Instituzio publikoei eta gaur egungo alderdi politikoei dagokienez, Itaiak seinalatu du ez dutela "ezer proposatzen gure egoerari aurre egiteko", "guretzat limosna edota aitortza soziala eskaintzen badituzte ere". "Oligarkiak finantzatutako instituzioetatik ez dute emakume langileon alde egingo, enpresa jabeek geroz eta diru gehiago eskuratzeko beharrezkoa baita gure aurkako esplotazio basati hau", gaineratu du.

Aipatutako sektore feminizatuetako beharginak haien lan baldintzen defentsan egiten ari diren borrokak ekarri ditu gogora Itaiak, eta beharrezkotzat jo du "lan eta bizi baldintzak borrokatzea" eta "proposamen politikoak egitea". Norabide horretan kokatu du agerraldia bera: "zaintza eta garbiketa sektoreetan emakumeok bizi ditugun problematikei aurre egiteko proposamenaz hausnartzeko" bidean, hain zuzen.

Itaiak egindako aldarrikapenen barruan daude, besteak beste: sektore horietako langileen soldatak igotzea, "lan partzialetako lanorduak gehitzea eta ordu horiek modu jarraian antolatzea", aldi baterako kontratuak deuseztatzea eta "lanpostuak egonkor bilakatzea", ratioak jaistea, "langileon lan baldintzak okertzen dituzten enplegu-agentziak eta azpikontratak" deuseztatzea, "zerbitzu bakoitzak eskatzen duen lan segurtasuna bermatzea", nahiz "erasoen aurreko erantzun-protokoloen gaineko kontrola langileek izatea eta jazarpen sexuala desagerrarazteko bermeak jartzea".

"Itaiak emakume langileon interesen defentsarako tresna izan nahi du, eta hemendik aurrera ere zentzu horretan lanean jarraitzeko borondatea adierazten dugu, aurrez aipaturiko aldarrikapenak kontuan hartuz eta gure proposamen politikoaren barruan txertatuz", gehitu dute Itaiako kideek.

Ikusi agerraldia osorik, hemen:


EZ DAGO IRUZKINIK