AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: durangon.com
2019/10/07 18:09

160 egunetik gora; bost hilabete. Hori da Elorrioko eraikin publikoetako langileek greban egin duten denbora. Eulen enpresaren bidez azpikontratatutako beharginak dira, eta apirilean hasi zuten lanuzte mugagabea, lan baldintzak zirela-eta; besteak beste, "generoaren araberako soldata arrakalak". Gaur, urriak 7, jakinarazi dute azkenean hainbat baldintza onartu behar izan dituela Elorrioko Udalak.

Hain zuzen, honakoak dira hitzarmenean onartutakoak: kategoria igotzea, lan karga handiari erantzun ahal izateko lanaldiak luzatzea, edota lanaldi partzialak arautzea. Neurri horiekin, gutxienez %11,3ko gorakadak izango dira langileen soldatetan, bakoitzari gehitu dizkioten lanorduen arabera. 

Langileek, beraz, amaitutzat eman dute greba. Azaldu dute, baina, 160 egunetik gora iraun duela lanuzteak: "Administrazioaren eremu azpikontratatuan beharrezkoa da borroka gogor egitea, sistemak berak sortzen dituen miseriazko baldintzetatik ateratzea lortzeko".

Greba eskubidea, urratua

EH Bildu da buru Elorrioko Udal Gobernuan, eta beharginek irailean salatu zuten udala, greba eskubidea "sistematikoki" urratzeagatik. Izan ere, udaletxetik, grebaren ondorioak leuntzen saiatzeko hainbat neurri hartu izan dituztela azaldu zuten langileek; hala nola, grebara batu ez ziren langileak lanean jarriz, zerbitzu minimoak igoz, edota herritarren parte hartzea sustatuz garbiketa lanak egin zitzaten.