AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Philippe Salvat/Sud Ouest
2025/11/28 08:13

Frantziako Estatuko presidente Emmanuel Macronek, Alpeetako Varces base militarretik, "zerbitzu nazional berri" bat iragarri zuen atzo. "Boluntario" gisa aurkeztu badute ere, 1997an indargabetutako derrigorrezko soldadutza pixkanaka itzularazteko pauso bat dirudi. Hamar hilabeteko iraupenarekin, programa "boluntario" berriak 2026an 3.000 gazte soldaduskara sartzea du helburu, eta 2035erako 50.000 izatea bilatzen du, L'Humanité-ren arabera.

Macronen erretorikak, "gure gazteria konpromisoaren egarri" dela edo "aberriaren alde altxatzeko prest dagoen belaunaldi bat" dagoela azpimarratuz besteak beste, talka egiten du Zerbitzu Nazional Unibertsal (SNU) baten errealitatearekin. Presidenteak berak bultzatu zuen zerbitzu hori 2019an, baina kolapsatu egin zuen bere gehiegizko kostuagatik (urtean 5.000 milioi euro inguru) eta gazteen artean zegoen atxikimendu faltagatik, inposizio burokratikotzat jotzen baitzuten.

Besteak beste Ukrainako gerrak markatutako "mundu zalantzagarri" batean, Macronek "disuasioa" eskatu du plana justifikatzeko. Dena den, Fabien Mandon Estatu Nagusiko buruak "seme-alaben heriotza onartzeko" egindako dei polemikoak berretsi du gorakada belikoak ez duela zerikusirik disuasioarekin.

Frantziako Gobernuak baieztatu du soldadutza "borondatezkoa" izango dela, baina bada klausula bat Parlamentuari aukera ematen diona derrigorrezko errekrutamenduak aktibatzeko "krisi handietan". Gobernuaren beraren esku geratzen da "krisi handia" zer den zehaztea.

Gastu militarraren gorakada eta murrizketa sozialak

Soldadutza berriz ezartzeko aurreikusitako kostua 2.300 milioi eurokoa da 2026-2030 aldirako. Hori dela eta, 2026rako aurrekontu militarrean, 3.500 milioi euroko gehikuntza bat izango da (2027ra arteko 6.500 milioi euroko aparteko aurrekontuaren zati bat, Programazio Militarraren Legearen barne-berresleipenen bidez finantzatuta). Macronek presidentetza eskuratu zuenetik, gastu militarra bikoiztu egin da estatuan: 2017an 32.000 milioi eurokoa izan zen, eta aurreikuspenen arabera, 64.000 milioira iritsiko da 2027an.

Aldi berean, 2026rako aurrekontuak 43.800 milioi euroko murrizketa sozialak barne hartzen ditu: 7.000 milioi pentsioak eta bestelako subsidio batzuk izozteagatik, 30.000 milioi erretiratutako hiru funtzionarioetatik bat ez ordezkatzeagatik, eta langabezia-prestazioen murrizketak (hemezortzi hilabetetik hamabostera), besteak beste. 

EZ DAGO IRUZKINIK