2022an, Espainiako Estatuak 852 pertsona erregistratu zituen 30 milioi eurotik gorako ondarearekin. Aurreko urtean baino %2,5 handiagoa da zifra hori, eta gainera, orain arteko handiena da Zerga-Agentziaren (Agencia Tributaria, gazteleraz) arabera. Hala ere, pertsona horien artean, soilik 235ek ordaindu zuten Ondarearen gaineko Zerga (OZ); %27,6k. Zifra hori serie historiko osoko txikiena da, aurreko urteetako batez bestekoa baino ia 8 puntu baxuagoa.
Ondarearen gaineko Zerga ordaindu beharko luketenen guztizkoari erreparatuta, 230.365 izan ziren deklaratu beharrean zeudenak. Hala ere, dena delako hobariak direla medio, %80,4k soilik (185.000 bat pertsonak) ordaindu zuten zerga hori. Bestela esanda, ordaintzetik salbuetsita zeudenak 30.000 inguru baziren, 2022an %50 igo zen kopuru hori, 45.000 pertsonara iritsiz.
[OZ] Ordaintzetik salbuetsita zeudenak 30.000 inguru baziren, 2022an %50 igo zen kopuru hori, 45.000 pertsonara iritsiz
Berriro ere, aurretik erregistratuta zeuden datuekin alderatuta, zergadunen ordura arteko proportziorik baxuena da. Zenbaki horietatik atera daitekeen ondorioa beraz argia da: 2021ean 1.352 milioi euro bildu baziren, urtebete geroago, kantitatea 100 milioi euro baino gehiago murriztu zen.
Energia-enpresak
Espainiako Estatuan, irabazirik handienak dituztenen artean dago energiaren sektorea, eta Repsol eta Iberdrola enpresak nabarmentzen dira lehen postuetan. 2022. eta 2023. urteetan, hurrenez hurren, 7.419 milioi eta 9.139 milioi euroko irabazi garbiak lortu zituzten. Konparazio gisa, Euskal Autonomia Erkidegoan, gastu publikoa 14.424 milioi eurokoa izan zen 2023an, bi enpresa horien irabazien batura baino 2.134 milioi euro gutxiago, alegia.
Euskal Autonomia Erkidegoan, gastu publikoa 14.424 milioi eurokoa izan zen 2023an, bi enpresa horien [Repsol eta Iberdrola] irabazien batura baino 2.134 milioi euro gutxiago
Urte horretan bertan, Repsolek 60.000 milioi euroko negozio-bolumena izan zuen, eta Iberdrolak 47.000 milioi eurokoa. Hala eta guztiz ere, Repsol eta Cepsa enpresek, euren botereaz baliatuz, deslokalizazio mehatxuak egin dituzte Ondarearen gaineko Zerga indargabetzeko asmoz.
Joan den astera arte, sektoreko enpresek %1,2ko zerga bat ordaindu behar izan dute, 1.000 milioi euroko negozio-bolumena gainditzen bazuten. Junts, PP eta Vox alderdien akordioz, haatik, zerga hori indargabetzeko lehen pausoak ematen hasi dira Espainiako Estatuan. Zerga horren bidez, gobernuak 1.164 milioi euro bildu zituen 2023an.