Aurreko ostiralean, azaroaren 29an, Palestinarekin Elkartasuna plataformak mobilizazioak egin zituen Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Israel desegitera bidean, harreman oro eten aldarritzat hartuta. Egun horretan bete ziren 77 urte Nazio Batuen Erakundeak 181. ebazpena deiturikoa onartu zuenetik, Palestina zatitzeko eta "palestinarren lurralde erdia sionistei oparitzeko", Palestinarekin Elkartasunak gogorarazi duenez. Planak "ateak ireki" zizkion "palestinarren kanporaketari eta lurren kolonizazioari".
Urteurren hori probestu du plataformak mobilizatzera deitzeko eta Euskal Herriko gobernuak eta enpresak seinalatzeko, Israelgo Estatuarekin mantentzen dituzten harremanengatik. Hain zuzen ere, sionistekin harreman oro eten dezatela exijitu zien Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba) eta Iruñean (Nafarroa) egindako mobilizazioetan. Sionistekin dituzten loturak gaitzestean, "harreman militar, diplomatiko, komertzial eta kultur- eta kirol-harremanei" egiten die erreferentzia Palestinarekin Elkartasunak.
Israel Mendebaldean hasten da
"Israel ez zen ezerezetik jaio. Mendebaldearen erraietatik jaiotako proiektu kolonialista artifizial bat da, bertako indar inperialisten interesentzat ezinbesteko makulu izan dena eta izaten jarraitzen duena", salatu zuen ostiralean. Zentzu horretan, ohartarazi zuen sionisten azken erasoaldia ez litzatekeela "posible izango NATOren blokearen babesik gabe": "Israel hemen hasten da, Mendebaldeko herrialde kapitalista eta inperialistetan". Horren erakusle da Mendebaldeko gobernuek sionisten kontrako neurririk hartu ez izana, plataformaren esanetan.
Hala ere, aldarrikatu zuen palestinar erresistentziak "zutik" jarraitzen duela, eta elkartasuna adierazi zion beste behin ere: "Gure babes osoa helarazi nahi diogu, bai eta eskualde osoan sionismoaren aurka borrokan ari diren guztiei ere, Libanoko erresistentzia kasu, zeinak Israelek bere helburuak ez egikaritzea lortu duen".
Kanpaina datozen hilabeteetan
"Palestina askatzeko Israel desegin behar da, eta norabide horretan, Euskal Herritik dugun egitekoa gure bloke inperialista seinalatzea da. Estatu terroristaren desagerpenerako baldintzak hemendik jartzen hasi behar gara", azaldu zuten plataformako kideek aurreko ostiralean. Horregatik, ostiraleko mobilizazioez gain, lanean jarraituko dute: Euskal Herriko agintari, korporazio eta abarrek sionistekin dituzten harremanak seinalatuko dituzte, eta horiek apurtzera deituko dute.