Gora palestinar erresistentzia. Sionismoa genozida aldarri nagusitzat hartuta, manifestazio bat antolatu dute Bilbon (Bizkaia) larunbat honetarako, urriaren 28rako. 18:00etan hasiko da mobilizazioa Bihotz Sakratutik, eta Euskal Herriko hainbat eta hainbat eragileren babesa jaso du deialdiak. Mobilizazio deialdiarekin batera, manifestu bat argitaratu dute antolatzaileek, Palestinan bizitzen ari diren egoera azaltzeko eta, sionistak egiten ari diren sarraskiaren aurrean, hainbat salaketa egiteko eta hainbat aldarri zehatz mahaira ateratzeko. Gaur egin dute agerraldi bat Bizkaiko hiriburuan, manifestazioa eta manifestua aurkezteko.
"Uneotan Gazako palestinarrak etengabeko bonbardaketak eta blokeo krudela jasaten ari dira estatu sionistaren eskutik. 5.000 palestinar baino gehiago erail dituzte, horien herena umeak. Azpiegitura zibilak bonbardaketen jopuntu izatearekin batera, ur, argi eta janari hornidurak eten dizkie estatu sionistak", jarri dute testuinguruan deitzaileek, azken asteetan Gazan izan diren gertaerei dagokienez. Salatu dute, gainera, "larriena" dela "Mendebaldea berriro ere genozidio eta gerra-krimen hori guztia gidatzen eta babesten ari dela".
Eta sionista genoziden erasoak ez dira Gazara mugatzen: azaldu dutenez, "azken egunotan, areagotu egin da israeldar kolonoen eta okupazio-indarren biolentzia Zisjordaniako herri palestinarraren aurka" ere. Zisjordanian, hain justu, "400 palestinar baino gehiago ari dira atxilotzen egunero, erailak izan dira 70etik gora palestinar, sua eman diete palestinarren baliabide materialei eta lurrei", eta abar.
Palestinako erresistentziak kontraerasora jo zuenetik sionistek egindako eraso guztiak salatzeaz gain, manifestuan hamar puntu xehatu dituzte larunbat honetako manifestazioa antolatu dutenek. Hona hemen, hitzez hitz:
- Egungo koiuntura ez dago ulertzerik 75 urte luzez Palestinan estatu sionistaren eskutik etorri diren kolonialismoa, apartheida eta garbiketa etnikoa, eta Gazaren aurka 15 urte baino gehiago iraun duen blokeoa azaldu gabe.
- Palestinarekiko elkartasunaren kriminalizazioa edo palestinar bandera toki publikoetan erakustea debekatzea, kontakizun hegemonikoa okerra den seinale da. Ez gaude "Hamasen aurkako guda" baten aurrean, herri baten genozidioaren eta harekiko elkartasun keinuen aurkako jazarpen/errepresioaren aurrean baizik.
- Israel legitimatzen duten Mendebaldeko gobernuen, enpresen eta alderdi politikoen konplizitatea eta kolaborazioa salatzen ditugu. Horrez gain, seinalatu behar ditugu bakearen izenean alde bietatik biolentzia etetera dei egiten duten diskurtsoak eta zapaltzaileak eta zapalduak parekatzen dituztenak. Horrek palestinar erresistentzia kriminalizatu besterik ez du egiten, Israel legitimatuz.
- Urterik odoltsuenetakoa izan da 2023a Palestinarentzat: inbasio militarrak jasan ditu Jeninen, Nablusen eta Jerusalemen; beste eraso bat Gazan maiatzean; eta lurralde okupatuetan kolono israeldarren eskutik gizarte zibilaren aurkako biolentzia basatia. Horiek guztiek ez dute prentsako titularretan leku handirik izan.
- Sionisten aldetik kontsentsu politikoa dagoen arren, palestinarren garbiketa etnikoari eta Israel Handiaren eraikuntzari dagokionez, esan beharra dago Israelgoa historiako gobernurik faxistenetakoa dela. Jakina da bere ultraeskuindar ministro sionista batzuek Palestinaren kolonizazio totala eta palestinarren kanporaketa helburu dituztela.
- Palestinar herriak bere okupatzailearen aurkako erresistentziarako eskubidea dauka. Horrek har ditzakeen forma eta adierazpen guztietan. Herri baten autodefentsarako erresistentzia ezin da parekatu entitate militar kolonial inperialista batekin.
- Estatu genozidari boikota, desinbertsioak eta zigorrak ezartzeko unea da. Ezin ditugu normaltzat jo gure kaleetan gero eta presenteago dauden adierazpen sionistak, ezta sionismoarekin harreman ekonomiko, politiko eta instituzionalak izatea ere.
- Irtenbidea Israelgo estatu sionistaren desagerpenaren bidetik eman behar dela diogu, deskolonizazio prozesu bati lotuta; ibaitik itsasora arteko Palestina aske baten eraikuntza, errefuxiatutako eta erbesteratutako palestinarren itzulera, eta palestinar preso politiko guztien askatasuna ahalbidetuko duena.
- Berresten dugu palestinar herriarekiko elkartasuna eta bere lurraldean eusteko adierazi duten borondate eta duintasunarekiko errespetu eta miresmena. Gure egiten dugu haien grina den "existitzea erresistentzia egitea da".
- Dei egiten diogu Euskal Herriari Palestinarekiko elkartasun aktiboa adierazten jarrai dezan, palestinar herriaren erresistentziarako eskubidea defendatzen jarrai dezan eta ez dezan Euskal Herrian inongo adierazpen sionistarik normalizatzen utz.