AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / es.ara.cat
2023/11/08 09:49

Kezka eta ziurgabetasuna areagotu dira Siemens Gamesak Espainiako Estatuan dituen lantegi guztietako langileen artean, aski ziurra baita fabrikak ixteko eta gainerako lantokietan beharginak kalera bidaltzeko arriskua. Azken asteetan, azpikontratatutako langileak kaleratu ditu enpresak, eta "galerak murrizteko" neurri gehiago jakinaraziko ditu azaroaren 21ean, lantokien zarratzeak eta kaleratze masiboak izan daitezkeenak, sindikatuek ohartarazi dutenez.

Euskal Herrian ere ekin die murrizketa-mugimenduei Siemens Gamesak, Zamudioko (Bizkaia) eolikoak salgai jarri baititu biderkatzaileak eta sorgailuak ekoizteko bere bi plantak. Enpresak, hain zuzen ere, Mungian (Bizkaia) nahiz Asteasun (Gipuzkoa) ditu biderkatzaile fabrikak. Bulegoetan ere iragarri dituzte kaleratzeak, antza, beharginen %10 kaleratuko baitituzte Zamudioko bulegoetan zein Sarrigurenen (Nafarroa).

Dirudienez, azpikontratatzearen eta zerbitzuak kanpora ateratzearen bideari helduko dio eta horretan sakonduko du Siemens Gamesak. Guztira, Espainiako Estatuko gutxienez zortzi lantegi daude zarratze arriskuan; hain justu, Bizkaian, Gipuzkoan, Coruñan, Burgosen, Kantabrian, Valentzian eta Madrilen daude horiek. Horretaz gain, itxi egingo dituzte Txinako bi lantoki, Indiako beste bi eta Brasilgo bat ere.

Sektore eolikoa eta aerosorgailuen ekoizpena, orokorrean, arriskuan egon daitezkeela azaldu dute dena den sindikatuek, eta horrekin lotu dute Siemens Gamesako egoera. Europar Batzordeak neurriak iragarri ditu industria eolikoari bultzada bat emateko, baina sindikatuek zalantzan jarri dute nahikoa eraginkorrak izango diren eta Siemens Gamesako langileentzat beranduegi izango ez ote den.

Milaka beharginen egoera, zalantzan

Espainiako Estatuan, 26.000 langile inguruk jarduten dute zuzenean soldatapean Siemens Gamesarentzat. Zamudioko, Asteasuko eta Mungiako lantokietan, guztira, 1.000 langilek baino gehiagok jarduten zuten 2022an. Nafarroan, ez dago ekoizpenerako lantegirik, baina 1.800 langile inguru aritzen dira Sarrigurengo ikerketa-zentroan, Arazuriko zerbitzu- eta mantenu-zentroetan eta Noaingo formakuntza-zentroan.

Beharginek ohartarazi dutenez, gainera, Siemens Gamesak enpresa ugari ditu gerora azpikontratatuta, eta horien guztien egoera egongo litzateke arriskuan eta kolokan gaur-gaurkoz.

Gamesa eta Alemaniako Siemens Energy enpresa 2017an batu ziren, Siemens Gamesa sortzeko. Aurreko urtean, 2.900 kaleratzeren berri eman zuen Siemensek, eta horietatik 475 ezarri nahi zituzten Espainiako Estatuan. Azkenean, Asteasuko 250 beharginen postuak mantendu egin zituzten. Aoizko (Nafarroa) lantegia itxi egin zuen enpresak 2020an.

EZ DAGO IRUZKINIK