Akordio batera iritsi dira Sidenor enpresako zuzendaritza eta Azkoitiko (Gipuzkoa) eta Reinosako (Kantabria) gehiengo sindikala osatzen duten ordezkariak; CCOO, USO eta UGT sindikatuetako delegatuak, hain zuzen ere. Bilbon (Bizkaia) hirugarrenez bildu ostean, aipatutako bi fabriketan aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea (ERTE) luzatzea erabaki dute, urriaren 31ra arte (zuzendaritzak, hasieran, urtearen bukaerara arte berandutu nahi zuen). Gehienez plantillaren %35ari eragingo dio neurriak, eta 2024ko apirilean zehaztutako baldintza berdinetan aplikatuko dute. Teorian, urtebeterako soilik ezarri zuten garai hartan espedientea.
Lan-erregulazioa luzatzeko, eskaeran izandako beherakadari eta ekoizpen-arrazoiei egin die erreferentzia enpresako zuzendaritzak. Esan du bi lantokiek dutela menpekotasuna hainbat sektore estrategikorekiko (industria-makineria, eolikoak, ibilgailu astunak eta abar), eta horietan ez dela izan aurreikusitako berreskuratzerik azken urtean, "moteltze" bat baizik. Hala, aldi baterako enplegu-erregulazioaren alde egiten jarraitzen du enpresak, bere hitzetan, "egonkortasun operatiboa eta ekoizpen-zentroetako bideragarritasuna bermatzeko" asmoz.
Gaur egun 313 langilek egiten dute lan Azkoitiko Sidenorren, baina, 2018tik hona, modu progresiboan murriztu dute plantilla. Reinosako lantegian 154 behargin dira, eta etenaldi baten ostean, 2023an jarri zuten martxan berriz. Altzairu luze bereziak ekoizten dituen enpresa nagusietako bat da Sidenor.
Azkoitiko lantokian ELA eta LAB sindikatuek dute gehiengoa, eta ez dute lan-erregulazioari eusteko akordioa sinatu. "Aldi baterako lan-erregulazioaren bidez, Azkoitiko eta Reinosako langileek beren langabezia prestazioa %35era arte gastatu beharko dute urriaren 31ra bitartean", azaldu dutenez. Gainera, azken urtean, %22ko espedientea ezarri du enpresak Azkoitian, baina datozen hilabeteetan %35eraino aplikatzeko marjina izango du, azken akordioaren arabera.