Jakina da sionistekin negozioak dituela Sidenor enpresak, besteak beste, itsasontzi militarrentzako altzairuz hornitzen baitu Israelgo Estatua. Holandako The Ditch komunikabideak berriki eman du kolaborazio horri lotutako datu izugarri bat: 2024ko udatik hona, Sidenorrek 1.207 tona altzairu bidali dizkio Israelgo IMI System konpainiari, Bartzelonako (Bizkaia) portuaren bidez antza.
Armagintzan soilik jarduten du enpresa sionista horrek, adibidez, Israelgo Defentsa-Indarrentzako (IDF) armak eta munizioak ekoitziz. Beraz, nahikoa argi dago zein erabilera emango dion Sidenorrek saldutako materialari.
The Ditch-en arabera, Sidenorrek gutxienez hiru bidalketa eginez hornitu ditu altzairuz sionistak. 239 tona helarazi zizkion IMIri iazko abuztuan, 219 tona aurtengo martxoan, eta beste 356 tona maiatzean. Itxura denez, azken bidalketa horretan behintzat, Mesin (Turkia) hirian porturatu zen altzairu hori guztia zeraman ZIM Atlantic ontzia, eta hortik hartu zuen Haifarako bidea, Palestina okupatuan.
Sidenor Aceros Especiales konpainiak Basaurin (Bizkaia) du egoitza nagusia, baina hainbat lantoki ditu Euskal Herrian zehar, hala nola Azkoitian (Gipuzkoa) eta Gasteizen (Araba).