Gaur goizean, 09:30ean hasita, Escalerillasen (Trintxerpe, Gipuzkoa) bizi diren bost familiaren kontrako epaiketa izan da Donostian (Gipuzkoa). Bost familia horiei ez diete maizter izaera legez aitortzen, eta, hori probestuta, usurpazioa leporatu die Pasaiako Portuak: prozedura zibilari eutsi dio, berehala etxegabetu ditzatela eskatzeko.
Escalerillaseko bizilagunekin elkartasunez, eta guztientzako etxebizitza-aterabide baten alde, elkarretaratze bat izan da epaitegi aurrean, epaiketa egiten zuten bitartean. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak antolatu du protesta.
Gaurko auzi-saioan, Escalerillaseko familien defentsak eskatu du maizter gisa aitor ditzatela jopuntuan jarritako bost familiak ere, eta bertan behera gera daitezela beren aurkako kaleratze-eskaerak.
Etxebizitza-alternatibarik gabe
Denera, bederatzi familia dira etxegabetuak izateko arriskuan daudenak, Escalerillas eraitsi nahi baitute Pasaiako Portuak eta Eusko Trenbide Sareak (ETS), merkantziak mugitzeko trenbide bat eraikitzeko. Eraikinean bizi diren pertsonei ez diete bizitoki-alternatibarik eskaini oraingoz.
Gaur epaitutako bost familiei, titulartasuna aitortu gabe, ez diete inolako alternatibarik ziurtatu. Eta gainerakoei, titulartasuna aitortua izanik, gaur egun jendea bizi den beste etxe batzuetara lekualdatzea edo miseriazko kalte-ordainak jasotzea baino ez diete eskaini. Adinez nagusiak dira bizilagun horiek, eta haien bizi-itxaropenaren arabera kalkulatutako kalte-ordainak proposatu dizkiete.