AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Asviameren agerraldia. Argazkia: EITB
2020/01/25 14:57

Gutxienez sei langile izan dira erailak amiantoaren eraginez 2020. urtea hasi zenetik, Hego Euskal Herrian. Asviame elkarteak eman du gaur Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuen berri, biriketako minbiziak jotako kide bati babesa emateko agerraldian: bost langile erail dituzte aurten. Iaz 32 zenbatu zituzten, eta 2018an, 41. 

Nafarroan ez dago amiantoaren eraginez eraildako langileen inguruko daturik, baina aste honetan kasu baten berri eman du Ananar elkarteak: urtarrilaren 6an galdu zuen bizia Sunsundegi enpresan (Altsasu) aritutako behargin batek.

2018. urtearen amaieran, soldatapeko lanean amiantoaren eraginpean aritutako 12.994 langile zeuden erregistratuta EAEko eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren institutuetako zerrendetan. Zifra ofizialak baino ez dira, amiantoaren biktimen elkarteek ohartarazi dutenez, langile askori ez baitiete jakinarazi ere egiten amiantoaren eraginpean aritu izan direla.

"Ezkutatzeko ahalegin handia"

Asviame elkarteak "ezkutuko itun" bat dagoela salatu du, hain zuzen, amiantoak lantokietan eragindako "izurritea" salatzeko. Gaur Donostian (Gipuzkoa) egindako agerraldian, amiantoarekin lotutako datuak "ezkutatzeko ahalegin handia" egitea egotzi diete Gizarte Segurantzari eta Espainiako Lan Ministerioari: "Urte honetan bertan Asviamieko ezintasun absolutu aitortua zuten bost kide hil dira, eta Lan Ministerioaren estatistiketan ez dira agertzen".