AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Irekia
Dorleta Agiriano
@urmargoa
2026/02/10 10:29

Sei urte igaro dira jada Zaldibarko (Bizkaia) sarraskitik, eta oraindik ez dute inor epaitu 2020ko otsailaren 6 hartako gertakarien harira. Zabortegiko hondakinen azpian desagertu ziren bi langileak, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, aurreko larunbatean oroitu zituzten berriz Eitzaga auzoan. Bertan dago duela sei urte luizia izan zuen zabortegia; hondakinez gain, inpunitateak erabat jan duen hondamendi baten agertokia.

Zaldibarko gertakariak direla-eta, bi prozesu judizial izan dituzte zabalik Durangoko (Bizkaia) epaitegian: sarraskia lan-istripu modura ikertu zuen prozesua, eta ingurumenaren kontrako delituengatik irekitako auzia. Aurrenekoa, dena den, zarratuta dago jada, 21 hilabetez zabalik egon ostean. Verter Recycling enpresako hiru arduradun auzipetu zituzten prozesu horretan, eta nahiz eta aitortu zuten "nahigabeko hilketak eragin" zituztela, akordio judizial baten bidez lortu zuten ahozko epaiketa saihestea; baita kartzela ere.

Bigarren prozesu judiziala, 72 hilabetez instrukzio-fasean

Bigarren auzia, ingurumen-delituei lotutakoa, instrukzio-fasean dago oraindik. Zaldibar Argitu plataformak aurreko asteburuan salatu zuen instrukzioa 72 hilabetez luzatu dela jada, eta oraintsu luzatu dute ekainaren 1era arte, gainera. Prozesu horretan, Eusko Jaurlaritzako, Verterreko eta Geyser ingeniaritza-enpresako hainbat ordezkari daude ikerketapean. Baina, momentuz, inor ere ez da akusatuen aulkian eseri 2020ko otsailaren 6ko gertakariengatik. "Zenbat denbora behar dute instrukzioa amaitu eta ondorioak aurkezteko? Argitu dadila dena. Zergatik gertatu zen hondamendia eta nortzuk izan ziren erantzuleak", zioen Zaldibar Argitu plataformako kide batek larunbateko ekitaldian.

Agintarien aldetik jasandako "umiliazioa, gehiegikeria eta mespretxua" ere salatu zituen plataformak. Ohartarazi zuen, bestalde, duela sei urte behera etorri zen zabortegiaren zati batek "babesik gabe" jarraitzen duela eta ondoko errekara jausten ari direla bertako hondakinak.

Verter Recycling eta Jaurlaritza arriskuaren jakitun ziren

Luiziaren ondoren hondakin artean bilaketa-lanak egin zituzten arren, ez zituzten inoiz aurkitu Beltranen gorpuzkiak, eta 2021ean eman zuten bukatutzat bilaketa. Dena den, alarma ugari piztu ziren bilaketa-lan horiek hasi zirenean: suteak piztu ziren, amianto-arrastoak topatu zituzten eta dioxina nahiz furano tasa handiak identifikatu zituzten, zabortegian izandako zenbait irregulartasun agerian utziz. 

Verter Recycling enpresa zen, Jaurlaritzaren baimenarekin, 2011n irekitako zabortegiaren jabea. Istripuaren ondorengo ikerketak aurrera egin ahala, argitara atera zen Verterrek bazuela halako hondamendi bat gertatzeko arriskuaren berri. Hildako langileetako batek, esaterako, aurrez eman zion abisua enpresari: esan zuen hondakindegiak ezin zuela zabor gehiago jaso. Hamarkada batean egin zuen gainezka Zaldibarko zabortegiak, baina berez, aurreikuspenek zioten 35 urte beharko zirela gehienezko edukierara heltzeko.

Horrez gain, sarraskia gertatu baino egun batzuk lehenago, pitzadura batzuk atzeman zituzten eremuan. Zartadura horiek iker zitezela gomendatu zuten Geyser enpresako ingeniariek, baina ez zen neurririk hartu horren ondotik: hondakinak hartzen segitu zuten Zaldibarren, otsailaren 6an luizi batek guztia jan arte.

Verterrez gain, gerora jakin zen Jaurlaritza ere arriskuaren jakitun zela. Antza denez, Jaurlaritzako Ingurumen Saila enpresa zigortzeko aukera aztertzen ari zen, hainbat kontrol eta ikuskapen egin eta gero, hondakindegia arrisku-egoeran zegoela ebatzi baitzuen. 23 irregulartasun topatu omen zituzten, baina ez zuen neurririk hartu gobernuak.

EZ DAGO IRUZKINIK