AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Segurtasun-indarrak EHUren Leioako campusean.
2023/09/22 10:45

700 biztanleko, segurtasun pribatuko polizia bat baino gehiago daude Hego Euskal Herrian. Segurtasun enpresa handien APROSER taldearen azken urtekariaren arabera, 2021ean, Hego Euskal Herriko lurraldeetakoa zen Espainiako Estatuko segurtasun enpresen fakturazioaren %4,9 eta sektoreko kidegoaren %5,2. Beraz, estatu mailan 87.500 bat agente pribatu zeudela eta sektoreak guztira 4.431 milioi euro fakturatu zituela kontuan izanda, Hego Euskal Herrian, 4.500 polizia pribatu baino gehiago zeudela eta segurtasun pribatuak 217.119.000 euro fakturatu zituela kalkula daiteke.

700 biztanleko, segurtasun pribatuko polizia bat baino gehiago daude Hego Euskal Herrian

Guztira, 91 enpresa inguru aritu ziren arlo horretan Hego Euskal Herrian. 2021eko fakturazioa kontuan hartuta, enpresa horietako bakoitzak 2.385.923 fakturatu zituen, batez beste. Gainera, 21 enpresa inguru Eusko Jaurlaritzak gaitu zituela dio APROSER-en Segurtasun Pribatuaren sektorea Espainian, Zifrak eta daturik esanguratsuenak 2021 (El sector de la Seguridad Privada en España, Cifras y datos más relevantes 2021, gazteleraz) txostenak.

Espainiako Estatuan

Polizia pribatuen kopuruaren bilakaerak zifra esanguratsuak uzten ditu Espainiako Estatuan. 2014 eta 2021 artean, %13 hazi zen segurtasun pribatuko agente kopurua: 75.650etik 85.500era. 2021eko datuen arabera, Espainiako Estatuan segurtasun agente pribatu bat zegoen 553 biztanleko, eta polizia publikoarekiko erlazioan, berriz, hiruko bat. Baina, are gehiago; APROSER, INE eta Observatorio Sectorial DBK-k 2022ko zifra bakan bat ematen dute, zertxobait berriagoa: 86.688 agente pribatu zenbatu zituzten iaz. Beraz, beste %1,38 igo zen agente pribatu kopurua 2021 eta 2022 artean.

%1,38 igo zen agente pribatu kopurua 2021 eta 2022 artean

Esan bezala, segurtasun pribatuaren sektoreak 4.431 milioi euro mugitu zituen 2021ean Espainiako Estatuan. Hori aurreko urtean baino %5,1 gehiago izan zela kalkulatzen dute. Fakturazio osoaren %60 (2.651 milioi euro inguru) zaintzari zegokiola kalkulatu zuten; segurtasun pribatuko polizien jarduerari, alegia. Horrek ere igoera nabarmena izan zuen urte batetik bestera, %3,6koa. Bestalde, Espainiako Estatuko segurtasun pribatuaren eskariaren %2,7 hezkuntza arloan kontratatu zela kalkulatzen dute. Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV), adibidez, 2018 eta 2022 artean bakarrik, 18 milioi euro xahutu zituen segurtasun enpresetan.

Espainiako Estatuko segurtasun pribatuaren eskariaren %2,7 hezkuntza arloan kontratatu zela kalkulatzen dute

Espainiako Estatuko segurtasun enpresa kopuruak izugarrizko gorakada izan du azken hamarkadan: 2011n 1.491 enpresa zeuden, eta 2021erako 1.571 ziren. Horietatik, 1.387 enpresak estatu mailan jarduten zuten. 383 enpresa zaintzara bideratuta zeuden, 130 alarmen kudeaketara, 84 pertsona jakinen babesera eta sei funtsak garraiatzera. APROSER-ek azaltzen duenez, enpresa horien %84,5ek 50 kide baino gutxiago dituzte, hau da, "enpresa txiki eta ertainen merkatua" dela diote. Hala ere, bost enpresa nagusiek %58,5ko merkatu-kuota zuten 2022an. Gainera, monopolioranzko joera argia sumatzen da: 2010ean merkatuko bost enpresa nagusiek merkatu-kuotaren %54 zuten, eta ia etengabe hazi da geroztik.

2011n 1.491 enpresa zeuden, eta 2021erako 1.571 ziren

EZ DAGO IRUZKINIK