Atzo arratsaldean, kaleko saltzaileen kontrako beste sarekada polizial bat izan zen Bilbon (Bizkaia). Abandoko Plaza Biribilean oldartu ziren Ertzaintza eta Bilboko Udaltzaingoa: manteroei jazarri zieten, saltzen ari ziren materiala kendu zieten eta hainbat pertsona zauritu zituzten. Istiluen kontrako agenteak ere bertan ziren.
Inguruan zeuden dozenaka lagun Poliziaren jarrera bortitzaren aurka agertu ziren, jazarriak izaten ari ziren pertsonei babesa ematearekin batera. Horri erantzunez, ertzain gehiago bertaratu ziren, eta poliziek are gehiago jo zuten jendearen aurka: Kale Nagusia moztu zuten eta inguruan zeuden beste zenbait lagunen kontra oldartu ziren, jendea lurrera botaz, kolpatuz eta zaurituz.
"Poliziaren jazarpen arrazista" salatu dute SOS Arrazakeriak, Mbolo Moye Doole kale-saltzaileen plataformak eta Bilboko Kontseilu Sozialistak. "Bilboko Udala da horren erantzulea; izan ere, aurrera eramandako esku-hartze poliziala udalaren Segurtasun Sailaren agindupean dago, eta, oro har, kale-saltzaileen aurkako jazarpen polizial sistematikoa ere bai", azaldu dute. Azken urteetan manteroen kontra izan diren eraso guztiak ekarri dituzte gogora, materialaren lapurreta, karga polizialak eta lo egiteko tokietatik botatzea kasu. "Udalak sarritan entzungor egin die kale-saltzaileek helarazitako eskaerei, hala nola, konfiskatutako materiala itzultzeko eskaerei edo lo egiteko lekuak adosteko eskaerei".
⚠️ SOS Arrazakeriak eta Bilboko Kontseilu Sozialistak sarekada polizial berri bat salatu dute Bilbon manteroen aurka pic.twitter.com/RQwTPkLPOG
— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) January 29, 2026