AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/07/06 19:22

Iruñean (Nafarroa) gaur hasi dira San Fermin jaiak, baina goizak utzi duen balantze errepresiboa sekulakoa izan da: kalean propaganda politikoa jartzen ari zen jende andanaren aurka oldartu dira polizia-indarrak lehenengo; eta gero, txupinazoan, karga polizialak eta atxiloketa bortitz bat izan dira Udaletxe Plaza inguruan. Horiek horrela, arratsaldean, protesta jendetsu bat egin dute ehunka lagunek Udaletxe Plazan bertan, Errepresioaren aurrean klase-elkartasuna lelopean. 

Kontzentrazioan azaldu dutenez, sanferminetako lehenengo egunean "50 identifikatu baino gehiago, beste hainbeste jipoitu eta atxilotu bat" izan dira, propaganda politikoa jartzeari eta aldarri politikoak egiteari lotuta. "Hau onartezina da. Urteak dira herri-mugimenduak horrelako jazarpenik jasan ez duela", salatu dute Mugimendu Sozialistak, Indar Gorrik, Alde Zaharreko Gazte Mugimenduak, Harituk eta Jarkik: "Errepresio horrek beste garai batzuetakoa dirudi. Hau al da aldaketaren gobernua?".

Identifikazioak eta jipoiak goizetik

Lehenik eta behin, goizetik kaleak propaganda politikoz betetzen ari ziren gazteen kontra oldartu da Polizia. Hain justu, "udalaren [EH Bildu] agindupeko udaltzaingoa goiz-goizetik propaganda jartzen ari ziren gazteak borrakadaka jipoitzen, itotzen eta identifikatzen" aritu da. Denera 50 pertsona inguru identifikatu dituzte udaltzainek, tartean Mugimendu Sozialistako kide ugari: jakinarazi dutenez, udaltzaingoko agenteek haiek mehatxatzen, bortizki eusten eta itotzen jardun dute gaurkoan. Gero, gainera, Herri Sanferminek antolatutako txoznetara sartu dira eta pankartak kendu dituzte. 

Horren ondoren, Udaletxe Plaza inguruan egin dute jendearen aurka polizia-indarrek. Arratsaldeko elkarretaratzean antolatzaileek seinalatu dutenez, "txupinazora sartzen ari ziren gazteak jipoitzen eta atxilotzen" jardun dute udaltzainek eta Espainiako Poliziak, "zergatik eta txupinazora Israelen kontrako aldarria sar ez zedin". Izan ere, estatu sionistaren aurkako pankarta bat plazara sartzen saiatu direnean oldartu dira poliziak gazte ugariren kontra, haietako asko zaurituz.

Gazteetako bat bortizki jo dute borrarekin, lurraren aurka jarri dute, eta lau minutuz izan dute itotzen. Gerora, atxilo eraman dute poliziek, eta badirudi hala jarraitzen duela oraindik. Dena den, txupinazoan Israelgo Estatuaren aurkako pankarta plazara sartzea lortu du jendeak.

EZ DAGO IRUZKINIK